GARA Euskal Herriko egunkaria

Festa giro bizia eta eguzkia indartsu, Orereta bete duen Kilometroak jaian

Eguraldia lagun, jende andana bildu zen atzo Errenterian, Gipuzkoako Ikastolen aldeko Kilometroak jaian gozatzeko. Herriaren tradizioari begirako lau gune, zenbait azpigune eta adin guztietarako eskaintzak herri oso bat dantzan jarri zuten «Erriola» lelopean, baita segida izan beharko duen auzolana elikatu ere.

Musikari gazteenak ere irten ziren kaleak girotzera. (Maialen ANDRES | FOKU)

Jai giroak ez zuen atzo Errenterian adinik izan. Egun eguzkitsuak parte hartzea animatu zuen goizetik, eta adin guztietarako jarduerek hartu zuten Errenteria arratsaldera arte. “Erriola” lelopean, 60 urte betetzen duen Orereta Ikastola aritu zen antolatze lanetan, herrian hirugarrenez ospatzen den Kilometroak jaia atonduz. Gipuzkoako ikastolen aldeko jaiaren 47. edizioa izan zen atzokoa.

Errenteriak duen industria tradizioari keinu ugari egin dio aurtengo edizioak. Lau gune eta zenbait azpigune izan zituen ospakizunak, ohiko kontzertuen eskaintzaren ondoan hamaika proposamen zabalduz. Balantzerako giro paregabea erakusten duten irudi ugari utzi zuen Gipuzkoako ikastolen aldeko festak.

Egun osoan musika izan zen protagonista nagusia kalean, hainbat formatu eta estilotan. Oholtza gainean, Gozategik, DjBullek, Go!azen ikuskizunak edo Dupla taldeak dantzan jarri zuten publiko gazteena. Lantegiei lotutako iragan horren hariari jarraituz, arropa eta sortzaile berriak izan ziren programazioaren protagonistetako batzuk. Haurrentzako jardueren atalean, gainera, aurtengo edizioak arreta berezia eskaini die umeek eurek proposatutakoari, eta ekarpen horiek egon dira egitarauaren diseinuaren oinarrian. Grafiti eta arte plastikoak, tai xia, zirkua edo pailazoen emanaldiek osatu zuten parte hartzeko aukera ezberdinak eskaini zituen jaia.

HEZKUNTZA LEGEA, HIZPIDE

Jaiari hasiera eman zion goizeko ohiko ekitaldian Jokin Bildarratz Lakuako Gobernuko Hezkuntza sailburuak hitza hartu zuen, erakundeetako zenbait ordezkariz inguratuta. EAEko Hezkuntza Lege berria aipatu zuen bere mezuan, «ezinbesteko» araua dela nabarmenduz. Adierazi zuenez, datozen urteko politikak garatzeko tresna izango da Gasteizko legebiltzarrean tramitatzeko bidean dagoen legea.

Nekane Artola Ikastolen Elkarteko presidenteak ere hitz batzuk egin zituen lege berriaren inguruan. Bildarratzen sailari hezkuntza eragile guztien ekarpenak kontuan hartzeko eskatu zion. «Hezkuntza eragileen ekarpenak kontuan hartu eta, behin legean onartuta ere, honen garapenean eragileon parte hartze aktibo eta zuzena ahalbidetzeko eskatzen dugu», esan zuen. Horrelako erronka batek elkarlana oinarri izan behar duela nabarmendu zuen: «Ezin da oinarritu alde bakarreko erabakietan».