Martxelo DIAZ
IRUÑEA

Euroituna ez dela betetzen salatu dute Behatokiak eta Kontseiluak

Hizkuntza gutxiagotuen babeserako Euroitunak eskatzen dituen konpromisoak administrazio batzuk ez direla betetzen ari ohartarazi zuten atzo, Iruñean, Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak eta Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabelek.

Behatokiko zuzendari Agurne Gaubeka eta Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabel, Iruñean, Euroitunaren txostenarekin.
Behatokiko zuzendari Agurne Gaubeka eta Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabel, Iruñean, Euroitunaren txostenarekin. (Iñigo URIZ | FOKU)

Euroitunaren aplikazioari buruzko seigarren ebaluazioko txostena aurkeztu zuten atzo Iruñean Idurre Eskisabelek eta Agurne Gaubekak, Kontseiluaren eta Behatokiaren izenean. Eta ondorio nagusia argia da: bertan diren gomendioak ez dira betetzen.

Duela 25 urte sortu zen Euroituna Europako Kontseiluaren eskutik, hizkuntza gutxiagotuak babesteko eta sustatzeko. Estatu espainolak 2001ean berretsi zuen ituna, frantsesak ez du oraindik horrelakorik egin. Beraz, soilik Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroa Garaian indarrean dagoen araua da Euroituna, euskarari dagokionez.

Abuztuan, Estatu espainolak 2017-2021 epean emandako pausoei buruzko txostena aurkeztu zuen. Europako Kontseiluko adituek horri buruzko balorazioa egin beharko dute. Kontseiluak eta Behatokiak irakurketa propioa egin dute, eta aste honetan bertan helaraziko diote Europako Adituen Batzordeari.

Honekin batera, urtarrilaren bueltan aditu hauek Euskal Herrira etorriko dira egoera zuzenean aztertzeko asmoz, eta Kontseiluko eta Behatokiko kideek haiekin bildu nahi dutela adierazi zuten.

«Europatik Espainiako Estatuari 5. ebaluazioaren ostean ezarri zitzaizkion berehalako neurriak martxan jarri behar zituen arren, ez betetzen katramilatuta jarraitzen du. Izan ere, kontuan izan behar da, Europako Adituen Batzordeak zein Europako Ministroen Batzordeak emandako berehalako gomendio batzuk Espainiako Estatuaren legedian aldaketak egitea suposatu behar lukeela», azaldu zuen Eskisabelek.

Horrela, Botere Judizialaren Lege Organikoak talka egiten du Euroitunaren bederatzigarren artikuluarekin. Edozein prozeduratan alde batek euskara erabiltzea eskatuz gero, horrela egin behar dela agintzen du Euroitunak. Legedi espainolaren arabera, aldiz, alde batek hizkuntza gutxiagotuaren ezagutza maila falta adieraztearekin nahikoa da prozedura gaztelania hutsean egiteko beharra ezartzeko.

Estatu espainolaren administrazioak Euskal Herrian dituen bulegoetan ez da euskaraz arretarik egiten. Bakarrik langileen %11 EAEn eta %1 Nafarroan da horretarako gai.

Nafarroako administrazioan, irakasleen lanpostuez aparte, %2 soilik dira elebidunak, eta prozedura elektronikoen %17 baino ez da euskaraz. EAEn gabeziak daude osasungintzan eta segurtasunean.

Honez gain, gaztelania diskriminatzen delakoan, epaileek euskararen aldeko neurrien kontra egin dutela salatu dute, nahiz eta Euroitunak nabarmendu ezin dela argudio hori erabili.