Mikel ARAMENDI
Kazetaria
JOPUNTUA

Zaldi zuria Karabakh Garaian

Zaldi zuria ez da zaldia» esamoldea izango da Míngjiā, Izenen Eskola txinatarraren pentsamendu ildo klasikoak etorkizunerako utzi zuen aforismo ezagunena. Haren autorea, Gongsun Long, hil eta 2.350 urte geroago aipatua ez ezik eztabaidatua da oraindik ere. Garai bertsuko sofista grekoekin kidetu ohi bada ere maiz, ñabardura asko dituelako gogoetak, batez ere jatorrizko hizkuntzan hausnartzen denean.

Baina ez dago txinera ikasi beharrik «zaldi zuria ez da zaldia» aburu horren adiera baten gaurkotasunaz jabetzeko.

Europan ikusi behar ez omen genuen horietako bat berriz ere ikusi dugu azken hamar egun hauetan: herri oso baten erbesteratzea. Txikia bederen, herri osoa delako. Karabakh Garaiko armeniarrek, alegia, bertako biztanle ia guzti-guztiek, ihes egin dute -autoz, kamioiz, busez, gurdiz, oinez- Armenia aldera, azerbaijandar tropak iristear direlako, azken «gerran» herrialdeaz erabat jabetu ondoren.

Gurean bezala ingurumarietan, albistegietako eskaletan hutsarte bat betetzeko irudiak dira, off aseptikoz lagunduta. Norberaren bizimodu osoa betiko uztea reality bateko kide izatea balitz bezala.

Eta hara non agertzen den zaldi zuria. «Ez da garbiketa etnikoa, beren borondatez joaten ari direlako. Inork ez ditu behartu». Inork..., ezerk ez ote ditu behartu? Zaldi zuria ez ote da zaldia? Nondik sortzen ote dira horrelako «borondate» kolektiboak, horren erabaki dramatikoak «nork bere kabuz» hartzeko?

Garbiketa etnikoen, genozidioen eta gisakoen zaldiaren ezinbesteko bortizkeriari (eta haren ondorio -gutxienez- moralei) iskin egin nahi zaienean, koloreez eztabaidatzea komenigarria da orain ere, agidanez.

Beste baterako utziko ditugu Karabakh Garaiko lotsaizun horrek iragar ditzakeen gorabehera geopolitikoak.

Komeniko da, haatik, gogoan izatea, aspaldiko Txinan, Moziren Eskolatik eratorritakoa zela Izenen Eskola. Eta Mozirentzat, eraso-gerra moralki higuingarria eta gizalegez aurka egin beharrekoa zela...