GARA

Erditze osterako ospitaleetan segurtasun sistemak jarri dituzte

Osakidetzako ospitaleetako erditze osteko arretan kontrol-neurri eta sistema teknologiko batzuk ezarri dituzte jaioberrien bahiketa errepika ez dadin, Basurtuko ospitalean 2022ko urrian gertatu bezala.

Sagardui Lakuako Osasun sailburuak Radio Euskadin azaldu zuenez, bahiketa haren ondoren, Osakidetzako Pazientearen Segurtasun Batzordeak emakume bat erditze osteko arretako gunean sartu eta berea ez zen haurtxo batekin atera ahal izateko inguruabarrak aztertu zituen, eta «pixkanaka» ezarri beharreko neurriak proposatu.

NEURRI BERRIAK

Sailburuak esan zuenez, neurri horietako batzuek «azpiegitura teknologiko aurreratuagoak» behar zituzten Basurtun, batez ere, bisitarien eta pazienteen laguntzaileen sarrera-irteerak kontrolatzeko. Pazientearen Segurtasun Batzordeak ekimen zehatzak aholkatu zituen Osakidetzako ospitaleetako erditze osteko gune bakoitzerako, behar bakoitzaren arabera.