GARA
VILLABONA

Euskararen errepublikari ekarpena eginen dio Villabonako topaketak

Asteburu honetan, Euskal Herrian Euskarazek Euskaltzale Independentiston Topaketak eginen ditu Villabonan. Euskalgintzako lagun esanguratsuek parte hartuko dute.

Herriz herri aurkeztu dituzte topaketak. Irudian, Bilbo.
Herriz herri aurkeztu dituzte topaketak. Irudian, Bilbo. (EHE)

Euskal Herrian Euskarazek Euskaltzale Independentiston Topaketak eginen ditu asteburu honetan Villabonan, euskararen errepublikaren eraikuntzan ekarpena egiteko asmoz. Orain arte argitaratu gabe zituzten larunbat arratsaldeko tailerretako hizlarien izenak. Atzo egitarau osoa plazaratu eta oroitu zuten izena emateko epea gaur amaituko dela.

Euskalgintzako pertsona esanguratsuak hurbilduko dira hitzordura. Larunbateko mahai inguru nagusian bilduko dira horietako batzuk, 10.00etan Gurea Antzokian. Euskararen errepublikaz arituko dira Amets Aranguren, Amets Arzallus, Eneko Bidegain, Estitxu Garai eta Lorea Agirre. Ekhiñe Atorrasagastik aurkeztuko du eta Patxi Gaztelumendik eta Sagrario Alemanek ere parte hartuko dute.

ARGAZKIA

Ama Lurra plazan, 12.45ean, ekitaldi politikoa izanen da. Ondoren, “Oldarraldiaren aurrean: euskararekin bat, euskaraz bat” lelopean, azaroaren 4an Bilbon eginen den manifestaziorako atxikimendu argazkia aterako dute.

Arratsaldean tailerren txanda izanen da. Kultur Etxean, Subijana Etxean eta Gurea erakusketa gelan banatuko dira. Hiru tailerrez osatutako bi txanda izanen dira; beraz, lagun bakoitzak bi tailerretan parte hartu ahalko du. Lehen txandakoak (16.00-17.15) honakoak dira: “Kulturgintzaren transmisioa hezkuntzan”, Iratxe Retolaza irakaslearekin eta hezkuntza mugimenduko Ibai Redondorekin. “Euskaldunon aurkako erasoen aurrean, zer?”, Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendari eta Iñigo Urrutia legelariarekin. Eta “Zein toki du euskarak intersekzionalitatean”, Bilguneko Saioa Iraola, EHGAMeko Oier Azkarraga, emakume migrante eta arrazializatuen sareko Leo Bueriberi eta EHEko Intza Gurrutxagarekin.

Bigarren txandan, honakoak dira aukerak (17.30-18.45): “Gazteok euskararen borrokan”, Azterketak Euskarazeko Olaia Edme, Izpegiko Bestetako Xalbat Altzugarai eta Gazte Euskaltzaleen Sareko Malen Frantsesenarekin. “Pantailak Euskaraz, ezinbesteko erronka”, Iruñe Astiz eduki sortzailearekin eta Alex Aginagalde Pantailak Euskarazen fundatzailearekin. Eta, bukatzeko, “Txispa batek sortzen du sugarra. Tokiko borrokak”, HerriBiltzako Gorka Roca Torre EHUNeko Unai Apaolaza eta EHEko Nestor Estebanekin.

Igandean mural pintaketa, pilota, marianitada eta toka izanen dituzte, besteak beste.