05 OCT. 2023 Barneko «haitzetik» ernatu da Bernardo Atxagaren lan berria “Paradisuaren kanpoko aldeak” liburua da Bernardo Atxagak euskal literaturari egindako azken ekarpena, barneko kontakizunez osatua. Bizipen pertsonal-literarioetatik abiatuta, narrazio labur eta ez hain laburrak eskaintzen ditu Pamiela etxearekin argitaratutako lanean, eta barne «haitz» edo nukleo horretatik ernatutako kontakizunen protagonistekin batera eraman nahi du irakurlea bizipen horietara. Bernardo Atxaga, atzo, Donostian egindako aurkezpenean jasotako irudian. (Gorka RUBIO | FOKU) ARIANE KAMIO DONOSTIA Idatzi komikoak eta tristeak, halaxe dio Pamielarekin batera argitaratutako lanak bere azpitituluan. Bernardo Atxagak prentsaurrekoan azaldu zuen atzo zein izan den obra honen ernamuina. Haitz bat. Barruan daraman masa handi bat. «Bizitza harkaitz bat bezala ikusten dut. Halako masa bat. Idazlea naizen partetik, aspaldi honetan, azken hamar urteetan, nire ibilbidea aldatu dut, eta nire helburu nagusia da, harkaitz horrena, marmol puska horretatik zenbait obra ateratzea», esan du. Idazlearen asmoen artean dago, horrela adierazi du bederen, epe labur batean memoria batzuk ateratzea, «harkaitza handitzen baldin bada». Atzo Donostian aurkeztutako liburua bizipen sail bat dela argitu du, «eta bizipen sail horrekin batera doa gogoeta». «Aterako da baita ere, seguru asko, halako pentsamendu liburu bat -gaineratu zuen-, zeren, bide honetan, harkaitzean, zuek denok bezala, topo egiten duzu honekin, talka egiten duzu bestearekin, gozoa jasotzen duzu hemen, mikazkeria han. Nire joera beti da gogoeta bat egitea azkar, apunte batzuk hartzea. Eta aterako da egun batean». Asmoen artean ere bazen harkaitz horretatik nukleo bat sortzea, uhin moduko bat ateratzea, «liburu bat non bere laburrean, nire esperientziaren arabera, esperientzia literarioa batez ere, pentsatutakoa; esperientzia horretan mamitu edo gauzatu nituen nire ustez testu onenak, horrekin batera egitea halako liburu bat, ibilbide literarioaren nukleoa edo muina. Hau narrazio bat da, testu eta idatzi labur eta ez hain laburrez osatutako nukleo bat», azaldu zuen. Bizipen desberdinetatik eratorritako gogoetak eta narrazioak dira “Paradisuaren kanpoko aldeak’ liburuan bildutakoak. Mauzac-eko espetxean izan zen horietako bat. «Hara joateko gonbidapena jaso nuen, idazle bezala; eta hara joan nintzen, eta ez bakarrik Mauzacera, baita beste leku batzuetara ere. Nukleo hau egiteko ernamuina Mauzacen sortu zitzaidan. Nire karpetan neraman Itoiz taldeak kantatzen zuen bertso bat, latinezkoa -‘Desolatio’ kantukoa-, eta han Mauzaceko kartzela isolatu hartan, bat-batean pentsatu nuen: ‘Nola irakurriko dut hau hemen?’. Zeren hitz egiten du kartzelako patioen desolamenduaz», zehaztu du: «Baina non hobeto hemen baino?». Izan ere, letra hura ez zitzaion «hain bortitza» iruditzen. «Baina toki hartan intentsitate bat hartzen zuen. Hitz horiek neutraltasun batean pasatzen dira hemen, baina han sekulako intentsitatea hartzen zuten. Ordu batzuetan eguzkiak zuzenean jotzen duen bezala, halako zeozer iruditu zitzaidan niri ere», aipatu zuen. «Pentsatu nuen entzuleak osatzen zuela poema eta osatzen zuela intentsitatea. Aspaldi nenbilen nire testu laburrak argitaratzeko gogoarekin, eta ez nituen liburu desberdinetan argitaratu nahi. Eta pentsatu nuen idatzi guzti horiek jende baten aurrean irakurri behar nituela: Mauzaceko irakurketa eta beste leku batzuetan egin nituen irakurketak». Bere helburu literarioa zein den bere baitarako galdetu eta erantzuna azkar aurkitu zuen Atxagak: «Irakurlea nirekin eramatea eta esatea: ez duzu irakurriko poema hau edo liburu hau ohiko moduan, lasai-lasai; irakurriko duzu lekukoekin, eta lekuko horiek izango dira herritarrak, gazteak, presoak... Eta horiekin batera irakurriko duzu, nahi eta nahi ez, nire narrazioaren bidez pentsatzen baitut hara eramaten zaitudala», adierazi zuen. GAI GEHIAGO Mauzacekoa abiapuntutzat hartuta, beste zenbait gaietan ere murgiltzen da Atxaga bere proposamen literario berrian. Literaturan, orokorrean, zatiketa bizi izan dela ohartarazi zuen, gizartean gertatzen den bezalaxe, «aberats eta pobreekin». «Literaturan hainbat gai, hainbat pertsona, bizitza, kanpoan gelditzen dira. Jende pobrea, esate baterako, literaturan ia modu bakar batean egon zen presente urteetan eta mendeetan, eta izan zen genero komikoan». Euskal literaturan, zentzu horretan, bereizketa ez dela hain nabarmena izan argudiatu du: «Guk ez dugu bakarrik hartu hiri nagusietako literatura edo kanonetako literatura, ez dugu bakarrik unibertso handiei buruz hitz egin. Aintzat hartu dugu tradizio herritarra. Euskal idazle askok aintzat hartu dute, Barandiaranek, adibidez. Euskal Herrian altxor bat izan da hori. Nik zirkulua horraino zabaldu dut, eta nekazari baten esanak ere bildu ditut». Eta nola ez, haur literatura. Atxagak berak tradizio zabala du haurrei zuzendutako obrak idazten, Xolaren saga, kasu, eta ale honetan ere keinu egin dio. «Hemengo hitz bakoitza sinatzen dut. Ez zait beti gertatzen. Hitzez hitz badago nire eskua, nukleo hori», amaitu zuen. LEKUKOEKIN«Zein da nire helburu literarioa? Irakurlea nirekin eramatea eta esatea: ez duzu irakurriko poema hau edo liburu hau ohiko moduan; irakurriko duzu lekukoekin: herritarrak, gazteak, presoak... Horiekin batera irakurriko duzu, nahi eta nahi ez, nire narrazioaren bidez pentsatzen baitut hara eramaten zaitudala»