GARA Euskal Herriko egunkaria

Fantasia goiburutzat hartuta egingo da Durangoko Azoka

Landako Guneak abenduaren 6tik 10era hartuko du Gerediaga Elkarteak sustatutako egitasmoa. Ximon Agirreren kartel koloretsuak iragarriko du 58. edizioa.

Azokaren sustatzaileak eta enpresa babesleen ordezkariak, atzo, Landakon (Oskar MATXIN EDESA)

Egutegiak udazkena markatzeaz batera, Gerediaga Elkartea liburu eta disko azokaren edizio berriari buruzko zertzeladak ematen hasten da.

Fantasia. Hau da 58. Durangoko Azokaren leloa. Atzo Landakon egindako aurkezpen ekitaldian izan ziren Gerediaga elkarteko Nerea Mujika (presidentea) eta Beñat Gaztelurrutia (koordinatzailea) eta guneetako arduradunak: Miren Narbaiza (Ahotsenea), Irati Agorria (Irudienea), Diana Franco (Kabia), Martxel Zubia (Saguganbara), Arantza Arrazola (Szenatokia) eta Oihane Agirre (Azoka Telebista) .

Fantasia DA! Abenduaren 6tik 10era, Durangoko Azoka fantasiaz beteko da. Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidenteak antolatzaileen nahia azaldu zuen: «Kulturari bultzada emateko asmoz, Durangoko Azoka jendetsua eta aberatsa izatea, horixe da gure fantasia».

Ideiaren atzean dagoen unibertsoaz hitz egin zuen Mujikak: «Diskoen kolorea, kultura zaleen irribarrea, bolondresen lana, aspaldi ikusi gabeko lagunekin topo egitea, sormen bakoitzaren istorioan dagoen magia, jende alaiaren berbaroa, bizi gogoa, kulturaren beroa».

KARTELA

Ximon Agirre (Hernani, 1994) artistak sortu du aurtengo kartelerako irudia, gaia ardatz hartuta. Ilustrazioan, bideogintzan eta animazioan jardundakoa da. Azken urteotan musika taldeentzat -Belako, Lukiek, Toc, Kyxo, Kristonak, Amooma eta Kilimak, besteak beste- lan egin du gehienbat, diskoen azalak, kontzertuetarako kartelak eta bideoklipak sortzen. Agirrek adierazi zuen «ilusio handiz» hartu zuela aurtengo kartela diseinatzeko proposamena, Durangoko Azoka «kulturaren erakusleiho handi bat» izateagatik, eta baita bertan aurkeztu izan diren zenbait diskoren diseinuak ere egin izan dituelako.

Kartel honetakoa hiru dimentsioko irudi sakona da, errealitate birtualean landua. «Hasieratik argi nuen 3Dn egin nahi nuela, gero mundu horren barruan sartu ahal izateko, eta errealitate birtualaren bidez modelatu nahi nuen, askatasun gehiago edukitzeko», esan zuen Agirrek.

FESTA

Kolore alai eta saturatuekin, Durangoko Azokaren festa izaera bistaratzeko helburua izan du. «Kartelaren ideia nagusia mundu propio bat sortzea izan da, azokaren ohiko elementuak (liburuak, musika, bideogintza, teknologia berriak...) pertsonaia fantastikoekin uztartuz». Egitaraua prestatzen hasita daude guneetako antolatzaileak. Mujikaren arabera, denetariko eskaintzak izango dira Landakoko guneetan: Ahotsenean, Irudienean, Kabian, Museoan, Saguganbaran, Szenatokian eta Talaian.

«Hitzaldiak, musika, solasaldiak, proiekzioak, tailerrak, liburuak, diskoak, emozioak, grazia, poesia eta fantasia ere bai», aipatu zuen Gerediagako presidenteak, aurtengo ikurritzari erreferentzia eginez.

Egitarauari dagokionez, Beñat Gaztelurrutia Gerediagako koordinatzaileak gogoratu nahi izan zuen oraindik zabalik dagoela proposamenak egiteko aukera, urriaren 15era arte, webgunean (https://durangokoazoka.eus).

IKASLE GOIZA

Aurtengo edizioan, Ikasle Goiza azokaren bigarren egunean izango da, abenduaren 7an. Ikastetxeetako eta aisialdi taldeetako gazteei zuzendutako egitaraua egongo da, eta Durangora etorri ezingo duten ikastetxeek PortaDA! erronkan parte hartu ahalko dute. Eta, Ikasle Goiza izan arren, azoka bisitari guztientzat zabalik egongo da.

Bestalde, 2020an online azoka abian jarri zen, pandemiak eragindako egoerak behartuta. 2021ean aurrez aurrekoa eta birtuala elkartu ziren, erdibideko azoka batean. Iaz, onlineko aukera mantendu arren, azoka presentziala indartu zen, eta erabiltzaileek ere aukera hori lehenetsi zuten. «Hori dela eta, aurten aurrez aurreko azokaren aldeko apustu osoa egingo dugu. Online ereduaren leihoa itxi egingo dugu. Hala ere, pertsiana guztiz bota barik; izan ere, etorkizunean horren premia izanez gero, egoerara egokitzeko adi egongo gara», adierazi zuen Gaztelurrutiak.