GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Hezkuntza komunitateak ez du jukutria hau merezi


Urte asko dira EAEko hezkuntza komunitatean indarrean dauden hizkuntza-ereduen gainean adostasun zabala dagoela, zehazki, ikasleak euskalduntzeko duten gaitasunaz. Edo ezintasunaz. Hain zuzen, Gasteizko Parlamentuan une honetan eztabaidatzen ari diren legearen xede nagusietako bat ezintasun hori gainditzea eta derrigorrezko hezkuntza amaitzean bi hizkuntza ofizialen ezagutza nahikoa bermatzea da. Esan gabe doa, alde horretatik, araudi berrian hizkuntza-ereduak gotortzeko asmoa helburu horren kontra doala, eta, beraz, 2022ko apirilean Ganberaren %90ek onartutako akordioaren aurka. Agerikoa da hori.

EAJk eta PSEk lege proposamenak berak ezartzen zuen joko zelaia aldatu eta eragile askoren artean harilkatutako akordio-esparrua zartarazi dute. Egiari zor, Eneko Anduezaren taldea gogo gutxirekin eta ezinbestean sartu zen Hezkuntza Itunaren argazkian, eta ordutik ahaleginak eta bi egin ditu haren edukia bere neurrira bihurritzeko. Alderdi horrek eskubidea dauka hezkuntza komunitateak esaten eta datuek berresten dutenari entzungor egiteko, eta euskarafobian sustraituta dauden zenbait interes alderdikoi herri honen beharren gainetik lehenesteko, baina jeltzaleek azaldu beharko dute ea horrekin bat datozen; bai eta gobernu-orekak hezkuntzak eta hizkuntzak dituzten erronkei erantzutea baino garrantzitsuagoak diren. Ezin dugu ahaztu, ildo horretan, antzeko zerbait gertatu zela estatus berriaren eztabaidarekin; bazkideen marra gorriak zeharkaezinak zaizkie Sabin Etxekoei. Edo, agian, pausorik ez emateko aitzakia aproposa dira.

Modu batean edo bestean, denbora luzez egosten joan den egitasmoa ataka larrian jarri dute. Zenbateraino larria ikusteko dago, aurkeztu duten zuzenketaz interpretazio desberdinak eman baitituzte bi alderdiek. Horretan ere seriotasun gutxi erakutsi dute. Hezkuntza komunitateak ez du halakorik merezi baina, antza, datozen hamarkadetarako hezkuntza sisteman baino, hemendik hilabete batzuetara egingo diren hauteskundeetan jarrita dute batzuek begia. Izan ere, boterea galtzea da inoiz zeharkatzea onartuko ez duten marra gorria.