Maite UBIRIA
BAIONA

Euskal Elkargotik haratago joateko akordioak xerkatuko ditu EH Baik

Korsikako autonomiaren alde Emmanuel Macronek eginiko adierazpenek Estaturik gabeko nazioen aitortza politikoari buruzko eztabaida erdigunean kokatu dutela iradokiz, Ipar Euskal Herriko bilakaera instituzionalari buruzko «gogoeta kolektiboa» bultzatuko du.

Xabi Larralde eta Mathilde Hary, atzoko agerraldian.
Xabi Larralde eta Mathilde Hary, atzoko agerraldian. (Nahia GARAT)

Baionan eginiko agerraldian, Korsikako auzian azken garaian izan diren jauziei buruz balorazioa eskaini dute EH Baiko ordezkari Mathilde Haryk eta Xabi Larraldek.

Emmanuel Macronen hitzak zuhurtziaz hartzekoak direla onartuta ere, Korsikan autonomia ezartzeko presidente frantziarrak eginiko adierazpenek «Estaturik gabeko nazioek bere buruaren jabe izateko duten eskubidea Estatu frantseseko eztabaida politikoaren erdigunean» kokatu dutela onartu du EH Baik. «Ontzat ematen ditugu hitz horiek, eta ongi etorri XXI. menderat erranen diogu Macroni», adierazi du, preseski, Larraldek.

Korsikan ez ezik, Kanakyn edo Polinesian ere aukera berriak irudikatu direla nabarmenduta, Ipar Euskal Herrian estatus politikoaren gaineko eztabaida berrabiatzea premiazkotzat jotzen du Euskal Herria Baik. «Ipar Euskal Herriaren autonomia aipatzeak ez luke tabua izan behar», esan du Mathilde Haryk.

Edonola ere, «zeharkako lan gogoeta» plantan ematea proposatzen du oraingoz EH Baik; betiere, Euskal Elkargoa eratu aurretik maila handiagoko erakundea sortzeko Ipar Euskal Herrian gehiengo politiko eta sozialak babesten zuen aldarrikapena aintzat hartuta. Herritarrek bozkatutako hautetsiz osaturiko erakunde horrek botere legegileak izatea aurreikusten zen. Ezinbestean, Euskal Elkargoaren eskuduntzen eremua gaindituko lukeen egitura baterantz igarotzea litzateke EH Baik sustatuko duen prozesuaren bilakaera desiragarria.

DESMARTXA KOLEKTIBOA

«Ipar Euskal Herriaren bilakaera instituzionalaren etapa berria ahal bezain manera transbertsalean gogoetatu behar genuke, adostasun berri bat kausitu, Parisen aitzinean aldarrikatze aldera», defendatu du EH Baik.

«Etxebizitzaren krisiari aterabidea emateko, euskara indarberritzeko, trantsizio ekologikoa gauzatzeko, ekonomia antolatzeko edo muga inposatuz gaindiko harreman eta egitasmoak normalizatzeko, Euskal Herritik Euskal Herrirako politiken azkartzearen beharra» nabarmendu du EH Baik. Hain zuzen, aitortza politikoaren erronka izanen da aipaturiko alderdiak heldu den azaroaren 18an Donamartirin eginen duen Biltzar Nagusiaren ardatz nagusia.