Martxelo DIAZ
IRUÑEA

Euskara lurralde osoan ofiziala izatea, Etxarriko Nafarroa Oinezeko aldarrikapena

Euskararen erabilera sustatzea eta hizkuntzaren ofizialtasuna Nafarroa osora hedatzea; horiek izango dira igandean Etxarri Aranatzen ospatuko den Nafarroa Oinezeko aldarrikapen nagusiak. Antolatzaileek garraio publikoa erabiltzeko eskatu dute eta egitarau zabala prestatu dutela nabarmendu dute.

Nafarroa Oinez-en antolatzaileek igandean Etxarrira joateko deia egin zuten.
Nafarroa Oinez-en antolatzaileek igandean Etxarrira joateko deia egin zuten. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Etxarri Aranatzen ospatuko dute igandean Nafarroa Oinez, eta larunbatean ere ekitaldiak izango dira. Ibilbidea eta egitaraua aurkeztu zituzten atzo Iruñean eta «festaz gozatzeko eguna izateaz gain, aldarrikapenak zabaltzeko eguna ere» izango dela gogoratu zuen Andra Mari ikastolako zuzendari Iñigo Orellak. Aldarrikapen horietako bat euskararen erabilerari bultzada ematea izango da. Bigarrena, euskararen ofizialtasuna Nafarroa osoan zabaldu behar dela, euskaldun guztien hizkuntza-eskubideak lurralde osoan errespetatuak izateko.

Ibilbide osoa Etxarriko lurretan kokatuta dago. Ia hiru kilometroko luzera du eta hiru gunetan banatuta egongo da: Utzubar Txiki, Arluzepe eta Batzeta.

Ibilbidearen batzordeko arduradun Josu Mendinuetak azaldu zuenez, plastikoaren kontsumoa gutxitzeko asmoarekin, gune guztietan iturriak izango dira bertatik ura hartu ahal izateko. Dena den, txosnetako barretan ere ura erosteko aukera izango da. Ildo honetan, Etxarrira joaten direnei euren edalontzia eramateko eskatu zieten. Dena den, han ere salduko dituzte eta jasotzen den dirua Oinez Basoa ekimenera bideratuko da.

NOLA JOAN?

Garraio publikoa erabiltzea aholkatu dute antolatzaileek, trena bereziki. Izan ere, Renfek ordutegi berezia eskainiko du igandean Iruñetik. Gasteiztik heltzeko aukera ere badago eta Etxarriko geltokia ibilbidetik 200 metrora dago. Nafarroa Oinezen webgunean ikus daitezke ordutegiak.

Autobusez joaten direnentzat ere, aparkaleku bereziak izango dira Zumurdiñeta industria eremuan, bigarren eta hirugarren guneen artean. Horiek ere ibilbidetik 200 metrora daude.

Autoz joaten direnentzako aplikazio berezi bat prestatu dute biderik egokiena zein den erakusteko oinez23.koiote.es helbidean. Dena den, Etxarrira Irurtzundik, Altsasutik, Ataundik edo Lizarragatik etorrita sartu ahal izango da eta aparkalekuak izango dituzte sarrera guztietan.

Autokarabanek ere aparkatzeko gune propioa izango dute Etxarriko erdigunetik oso gertu. Asteburu osoan egongo da zabalik eta egitarau osoaz gozatzeko aukera ezin hobea dela nabarmendu dute Nafarroa Oinezen antolatzaileek.

Mugikortasun urria dutenek ere aparkaleku bereziak izango dituzte, zirkuituaren alboan.

EGITARAUA

Hiru guneetan aukera zabala eskainiko duen egitaraua prestatu dute, jardueren batzordeko arduradun Maider Ansak azaldu duenez.

Horrela, besteak beste, Trikiteens, Nafarroa 1512, Gozategi, Alerta Gorria, Trikidantz, Alarma Morea, DJ Bull eta The Potes arituko dira gune desberdinetako eszenatokietan. Gainera, aurtengo abestiaren musikagile Joseba Tapia zuzenean ikusteko eta entzuteko aukera izango da.