GARA
PARIS

Ohe-zimitzen krisiak «gizartean sortu duen larritasunari» erantzuteko bilera Parisen

Intsektuok gaua gustuko dute eta, besteak beste, gizakien odolaz elikatzen dira. Ohe-zimitzen hamaika espezie daude munduan eta, klima aldaketak, batetik, eta bidaiarien etengabeko mugimenduak, bestetik, horien ugaltzea ekarri du, adituek diotenez. Baita Parisko olinpiar hirian ere. Bilera berezia antolatu du gaurko Gobernu frantsesak.

Ohe-zimitzak dituen koltxoi bat, Marseillako karrika batean utzita, zabor-biltzaileek jaso dezaten.
Ohe-zimitzak dituen koltxoi bat, Marseillako karrika batean utzita, zabor-biltzaileek jaso dezaten. (Nicolas TUCAT | AFP)

Frantziar Gobernuak ministerioen arteko bilkura egingo du gaur, Parisen, estatu afera bilakatzeko bidean den ohe-zimitzen agerraldiaren aurrean «erabaki zehatzak eta norabideak finkatzeko».

Uztailean hasi ziren intsektuon balizko ugalketari buruzko lehenengo albisteak agertzen, eta asteak aurrera joan ahala Euskal Herrian ere, gehienbat sare sozialetan, zabaltzen ari dira haien presentziaren inguruko mezuak.

Uda garaian izaten den albiste falta dela-eta, tentuz hartu zituzten hasiera batean frantziar hedabide nagusiek herritarren kexak.

Aste honetan, baina, frantziar Asanblea Nazionaleko kide batek, zehazki Frantzia Intsumisoa alderdiko Mathilde Panot diputatuak, eztabaida politikoaren erdigunera ekarri ditu ditxosozko zomorroak.

Potetxo batean gatibu zituen ohe-zimitz batzuk erakutsi zituen asteartean Panotek, keinu ikusgarri horrekin Elisabeth Borne lehen ministroa ziztatuz.

«Gure esku dagoen guztia egiten ari gara», bota zuen boteprontoan, Parlamentuan bertan, agian azkura sentitzen hasia den Bornek.

MACRON, KANTARI

0,9 kilometro. 13 minutu eskas oinez. Hori da Asanblea Nazionalaren eta Eliseo jauregiaren arteko distantzia. Lehen egoitzan, diputatu bat haserre, «herritarrek bizi duten infernua» ozenki salatuz. Bestean, ordea, oso bestelako argazkia: Parisko Modaren Astean, celebrity delakoen konpainian, presidentea kantari. Biek ere argi-ilunez beteriko kronika osatzen dute.

Ohe-zimitzen auziaz zer dakigu? Benetako osasun arazo bilakatzeko zorian da Estatu frantsesetik hasita Europan mailan? Konploten aroan, antsietatea eragiten duen enegarren albistearen aitzinean ote gaude?

HAMAR ETXETIK BATEAN.

Frantziar osasun agintariek iragan uztailean plazaratu zituzten zifren arabera, «hamar etxebizitzatik batean» sortu ditu arazoak 1950eko hamarkadaz geroztik herrialde garatuetan presentzia kezkagarririk ez zuten ohe-zimitzen agerraldiak.

Pariseko Metroan edo zinemetan ohiko bilakatu da jendeak eserlekuak arakatzea zomorro bila.

«Zoratuko naiz, azkura sentitzen dut une oro», aitortu dio AFP agentziari garraio publikoaren erabiltzaile batek.

Hala, Garraio ministro Clement Beaune datuen bidez kezkak baretzen saiatu da. Bere esanetan, azken asteotan hamabi bat salaketa jaso dituzte Parisko garraio sarean; «guztiak ikertu dira, baita gezurtatuak ere».

SNCF tren konpainiak, bestetik, 37 kasu ikertu ditu, eta horietan ere ez dela deus agertu gehitu du ministroak.

Frantziar Estatuko hegoaldean bi ikastetxe itxi behar izan dituzte lokalak garbitzeko. Iparraldera jotzean, berriz, erietxe baten zerbitzuak lekualdatu egin behar izan dituzte denbora baterako.

Sare sozialetan bideo eta argazki ugari agertzen badira ere, guztiak ez dira egiazkoak.

Ofizialki kasu bakan batzuk soilik konfirmatu badira ere, azkura ez da baretu. Hala, Olinpiar Jokoetarako urtebete falta delarik, Parisko Udalak «irudi krisia» konpontzeko deia egin du.

Anartean, izurriteei aurre egiten lan egiten duten enpresek lana «%60» hazi zaiela aitortzen dute. Etxebizitza bat erabat garbitzeko aurrekontua 300-500 eurokoa da. Inflazioarekin poltsikoan ziztada jaso duten familiek buruko min berria dute: aseguru-etxeari ohe-zimitzek eragindako kalteak ordainaraztea.