GARA Euskal Herriko egunkaria

Jean Mixel Bedaxagarren disko berria: «Erresiñula kantari»

Baionako Elkar argitaletxean aurkeztu zuen lan berria Jean Mixel Bedaxagarrek, “Erresiñula kantari” diskoa. Kantu tradizionalei ukitu propioa eman die kantari zuberotarrak, eta Juan Mari Beltranen eta Errege Baldaren instrumentuak izan ditu bidelagun disko berrian.

Bedaxagarrek bere lan berria aurkeztu zuen Baionan, «Erresiñula kantari» diskoa. (Patxi BELTZAIZ)

Euskal kantagintzan musikari ezaguna da Jean Mixel Bedaxagar zuberotarra, eta atzo goizean Baionan aurkeztu zuen orain arte, behintzat, «denbora gehien» eskaini dion lana: "Erresiñula kantari" diskoa. Juan Mari Beltranen eta Errege Baldaren laguntzarekin ondu du diskoa, beraiek arduratu baitira zenbait musika tresna sartu eta melodiak sortzeaz.

Andres Camio “Jitu”-rekin batera aurkeztu zuen diskoa Bedaxagarrek, eta Elkarreko kideak Bedaxagarren ekarpen handia goraipatu zuen: «Euskal kantagintzaren garapena ulertzeko ezinbestekoa da Zuberoak izan duen paper garrantzitsuaren eragina onartzea, eta bertako sortzaile emankorrenetako bat da Mixel bera». Gaineratu zuen kantariaren estilo propioa sumatzen dela diskoan baina, hala ere, «ahozko tradizioaren ordezkari nagusietako bat» izaten jarraitzen duela Euskal Herri osoan.

14 kantuz osatutako diskoa da atzo argitaratu eta aurkeztutakoa. Eta berau osatzerakoan iturri ezberdinetatik edan duela nabarmendu zuen hedabideen aurrean: pastoraletako doinuak, Etxahun Iruri eta Etxahun Barkoxeren konposizioak, kantu herrikoiak, Xalbadorren bertsoak… Horiek omen dira diskoaren osagai nagusiak.

Instrumentuei dagokienez, kontatu zuten «musika tresna tradizionalen abaroan isurtzen» direla kantuak, txirularen, ttunttunaren eta xirolarruaren hotsak aurki daitezkeela. Halere, a capella kantatutakoek ere beren tokia dute, hori izan baita Zuberoako tradizioa urte luzez. Errege Balda akordeoilaria eta Juan Mari Beltran musikaria arduratu dira instrumentuez, eta oso eskertuta agertu zen kantaria biek eginiko lanarekin.

Atzera begiratuz, denbora gehien eskaini dion lana dela aitortu zuen kantariak: «Egia da aldi honetan pertsonalki lan anitz egin dudala, azkenean antzeman dut lasaitasun bat jubilatuta nagoelako; aurrez egindako lanak errementari lanarekin uztartuz egin behar nituen. Orain denbora gehiago dut eta akatsak baldin badira ene alferkeriaren errua baizik ez da».

ASPALDI ABIATUTAKO BIDEA

Bedaxagarrek 1983an plazaratu zuen bere lehen diskoa (“Xiberoa” Elkar); azken hori eta disko berria esku artean zituela egin zuen Baionako aurkezpena, duela 40 urte abiatutako bidea gogoratuz. Harrezkero garbi dauka bidea: «Antzinagokoek egin duten bezala, kantatzez, gure memoria kolektiboa eta euskara hazten ditugu. Esan genezake gure betiko kantagintza, bertsolaritza eta gaurko musikak direla euskararen bigarren bidea».