GARA
GASTEIZ

Fernando Buesaren monolitoan eta hilobian pintaketak egin dituzte 24 orduko tartean

Buesaren hilobiko pintaketak.
Buesaren hilobiko pintaketak. (FERNANDO BUESA FUNDAZIOA)

Fernando Buesaren familiaren panteoia, Gasteizko Santa Isabel hilerrian kokatua, pintura eta gorotzekin zikindu zuten atzo. Aurretik, Arabako hiriburuan Buesa eta bere eskolta zenaren, Jorge Diezen, omenez jarritako monolitoaren aurkako sabotajea egin zuten ostegunean.

Sara Buesak bere aitaren «hilobiaren aurkako eraso berriak barru-barruan» jo duela adierazi zuen, baina «gorrotoaren eta basakeriaren aurrean maitasun eta erruki haziak lantzen» jarraituko duela ziurtatu zuen.

Hainbat agintari politikok gaitzetsi zuten osteguneko erasoa, hala nola Maider Etxeberria Gasteizko alkateak, Beatriz Artolazabal alkateordeak, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak, Denis Itxaso Gobernu espainolaren EAEko ordezkariak, Eneko Andueza PSEko idazkari nagusiak, Rocio Vitero EH Bilduren bozeramaileak eta Ainhoa Domaica PPk Udalean duen ordezkariak.

Atzo, lehen aipatu bezala, hilobia pintaketekin zikinduta agertu zen. Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak «erabateko gaitzespena» agertu zuen «eraso onartezinen aurrean». «Gertakari horien izaera eta jatorria ezezaguna da, eta benetako probokazioa dira gure herriko bizikidetza demokratikorako», adierazi zuen Otegik sare sozialen bitartez, Urriaren 18ko adierazpena gogora ekarriz, «biktimak umiliatuko zituen edozein jarrera arintzeko eta oztopatzeko konpromisoa» berretsiz. Modu horretan, Otegik eskatu zuen «biktima guztiak eta haien memoria errespetatzea bizikidetza eraikitzeko» oinarrizko baldintza bezala. Era berean, Iñigo Urkullu lehendakariak «erabat» gaitzetsi zituen monolitoaren eta hilobiaren aurkako erasoak, eta «berriz ere indarkeria politikoa aldarrikatzeko dinamikan dauden zenbait taldetako mugimenduak» salatu zituen.

Etxerat eta Sare elkarteak ere batu ziren gaitzespen mezuetara. «Publikoki adierazi nahi dugu Fernando Buesaren eta Jorge Diezen memoriaren aurkako erasoak erabat gaitzesten ditugula. Gure konpromisoa biktima guztien errekonozimenduaren eta bizikidetza demokratikoaren aldekoa da», nabarmendu zuen euskal preso politikoen senideen elkarteak.

Sarek, berriz, nabarmendu zuen «gure herriak bizikidetzarako duen eskubidea indarkeria guztien eta biktima guztien errespetuan oinarritu» behar dela.