Estibalitz EZKERRA
Literatura kritikaria

Urriak 9

Ehizan dabiltzala Willie nerabeak Kaliforniara joateko planen berri ematen dio aitari “Reservation Dogs” (2021-23) telesaileko atal batean. Alabak esandakoarekin harrituta, aitak galdetzen dio zertan den Kalifornia Oklahoman kokaturik dagoen beren erreserba baino hobea. Han bizi diren pertsona ezagunak zerrendatzen ditu alabak. Erreserban hamaika gauza egiteko daudela erantzuten dio. Gazteak nahi duena egiteko aukerarik ez. Aitak zer egin nahi duen galdetzen dio. Alabak adibideak eman eta aitari lanbide arriskutsuak iruditzen zaizkio edo haien parekoak erreserban ere badaudela uste du. Txakurrak erreskatatu nahiko lituzkeela botatzen dio Williek orduan, eta erreserban zaintzeko txakur faltarik ez dagoela ihardesten dio aitak. «Erreserbako txakurrengatik inork ez du deus ematen», esaten dio Williek orduan. Estreinatu zenetik ikusleak zein kritika gatibatu dituen telesailaren ezaugarri nagusiak ditu eszenak: erreserbako bizimoduaren errealitate gordinari umorez heltzen dio, gordintasuna samurtu gabe. Ezohiko telesaila da “Reservation Dogs”. Zuzendaria eta gidoilariak indigenak dira, baita ekoizpen taldearen zein aktoreen gehiengoa ere. Lehen aldia da holakorik gertatzen dena AEBetan. Hori bai, Hulu ordainpeko plataforma bidez bakarrik ikus daiteke. Holako paradoxaz beterik daude AEBak. Urriko bigarren astelehenean herri indigenen eguna ospatzen dute, egun berean Kristobal Kolon omentzen jarraitzen duten bitartean.