Gero eta luzeagoak diren hauteskunde bezperak
Oraindik espainiar Estatuan gobernurik eratuko denaren inguruko ziurtasunik ez dagoen honetan, datozen hauteskunde autonomikoetarako motorrak berotzen hasiak daude batzuk. Hauteskunde hauen aurrerapena gerta litekeela iradokitzen duten esaldiak entzun ditugu egunotan. Eta hitz horiekin batera, hori horrela izango dela konfirmatzen duten ekintza urduriak.
Izan ere, gertaerek abiadura handia erakusten dute arlo guztietan eta halaxe ari da politikan ere abiadura nabaritzen. Lehen, ziklo politikoek asko irauten zuten, hamarkadak edo urte andana bai, bederen. Gaur zaila da datorren astean gauzak nola egongo diren asmatzea. Edozer gerta daitekeen ziurgabetasun egoera bizi dugu egunero. Horrek bizirauteko zailtasunak ematen dizkio aurreikuspen edo abiadura horietara moldatzen ez denari; aukerak, berriz, zuhurtziaz baina determinazioz bere inpronta jarri nahi duenari.
Hauteskunde bezperek ziurgabetasuna histeriaraino eraman dezakete maiz, eta histeria hauteskunde bezpera gertu egon daitekeen iragarle nabarmenena bihurtu da azkenaldian. Horregatik, hain zuzen, batzuen jarrera histerikoak narama hauteskundeak uste baino gertuago egon daitezkeela ondorioztatzera. Batzuek uda ostean berehala berraktibatu dute lehiakide politiko indartsuenaren aurkako diskurtsoa: mundu mailako konspirazio bat bailitzan, aliantza sindikal-politiko erraldoia norbere artaldea, eta areago, norbera, suntsitzeko elkartua. Deigarria baita, oso, oldarraldi diskurtsibo horren lidergoa hiru lurralde historikoetako lehendakariak hartu izana, ia auzi pertsonal bihurtzeraino.
Histeriarekin batera politika serioa (ideien konfrontazioa, kontsentsuaren bilaketa eta zerbitzu publikoaren bokazioa) alboratu eta jendarte sektore ahalik eta zabalenak erakartzeko marketinaren aroa datorkigu. Horrela, aste honetan ikusi dugun bezala, borondate onenaz egosi dela sinisten dudan Hezkuntza akordioaren lorpen zabala fase kritiko batean sartu da edukiaren elementu garrantzitsuetako bat autozuzenketa bidez ezbaian jarri denean, kalkulu elektoralak printzipio politikoen gainetik jarriz. Zaharrak berri, baina beti mingarri. Hain gai garrantzitsuan, lorturikoa hauteskunde lehia batean emaitza hobe bat lortzeko itxaropenez zaildu badaiteke, zer espero dezakegu datozen hilabeteetan herritarrentzat onuragarriak izan daitezkeen beste hamaika gaietan. Euskararen etorkizuna zaildu eta bertako herritarrok belaunaldi askotarako euskaldun izatetik sakrifikatzea arduragabe jardutea dela kontziente izanik ere, lehenik alderdia gero aberria eta azkenik herria jartzeko tentaldian dira batzuk. Ikusiko da azkenean zertan geratzen den, baina gure haurren euskararen ezagutza bermatzeaz arduratuta gaudenontzat kezkarako unea da.
Hauteskunde lehia bakoitzak bere gakoak ditu. Madrilgo hauteskundeetan jendartearen pertzepzioan eragitea indargune nagusi bada ere, hauteskunde autonomikoetan gestioak pisu handiagoa hartuko du. Hiru argazki, lema politiko bat eta “begira zer ekarri dudan Madrildik” batek zure lanaren gaineko pertzepzioa indartu dezake. Baina lurralde baten gidaritza eta gobernua zure eskuetan dagoenean, jendarteak ez ditu hiru argazki eta lema politiko bat aski izango. Esan beharrik ez dago pertzepzioak hemen ere jokatu duela hainbat gobernuren luzapenaren mesedetan. Baina jendartean pertzepzioa aldatzen joan da, eta, kudeaketa arrakastatsurik ez badago, odolustea saihetsezina da.
Arrakastaren tekla zaila da asmatzen baina. Zientzia soziologiko-elektoralak lagundu dezake, baina azken hauteskunde lehien emaitzek argi erakutsi dituzte bere mugak. Diagnosi on batean datza gakoa. Norbere jardunaren autokritika sanoa eta jendartearen ezagutza dira diagnosi on baterako ezinbesteko osagaiak. Eta uste dut, zintzoki, bata eta bestea falta direla. Jendartearen mentalitatean ematen ari diren aldaketak, belaunaldi berrien baloreak, “betikoa” ikustearen nekea, klase politikoarekiko desafekzioa eta zerbitzu publikoen kalitatearen beherakadarekiko etsipenaren aurrean, konspirazioaren teoriak ez du irismenik. Pobrea da eta ez da zintzoa.
Hauteskunde lehiak ezin dira marketinera mugatu. Norberak bere proiektu eta proposamenak mahai gainean modu gardenean jartzeko momentu ezin hobea da hauteskundeena. Hitz jokoak eta anbiguotasunak alboratu eta, ausardia politikoz eta zintzotasunez, norbera den hori eta defendatzen duen hura argi esplikatzeko unea da. Eta honek berdin balio du ziurtasunak baino ziurgabetasunak eskaintzen dituen gobernu taldeentzat eta oposiziotik demagogia eta populismoa praktikatzen dutenentzat.
Hauteskundeak ekainean edo lehenago izan, goizegi da kalkulu elektoral hutsetara jolasteko. Bada denbora hezkuntzaren alorrean nahiz beste hainbatetan guztiok politikaren onena emateko. Eztabaida sanoak egin eta akordioak erdietsiz edo ez, baina zintzotasunez eta herritarren etorkizuna iparrorratz izanda jarduteko. Bukatzeko, maxima bat: mundu guztia kontent utzi nahi bada, zerbait ez gara ondo egiten ari.
Nafarroan, berriz, hauteskundeak pasatuta daudela nabaria da. Eta atzo ezin zena gaur posible omen da. EH Bilduren aurkako marra gorriak laranja bilakatzen hasi dira, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren lehendakaritza beronen esku utziz. Zer esanik ez Madrilen esaten ari direnez. Hala, orain arte marra gorri izan diren amnistiaz edo lurralde aferaz inoiz baino naturaltasun handiagoz entzuten dira batzuk gobernu bat osatu nahian. Ardurarik ezean, zer egiten duen beharrak. Edonola ere, ongi etorria beharra.
Nahi nuke kanpaina ofizialki hasi bitartean hiru lurraldeotan ere hauteskunde osteko giro kolaboratibo eta eraikitzaile hori ezarriko balitz, ardura lehiaren gainetik jarriz edo gutxienez ardura eta lehiaren arteko uztarketa bat egongo balitz. Herritarrek ez dute gutxiago merezi.