Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Lagundu nazazue, arren!

Horra! Beste nazioarteko egun bat izan da aste honetan! Egunero bat, gutxienez! Lehengoan etxeko animaliena; maskotena. Badakizu, Asisko Frantzisko fraide harena. Diotenez, txoriei hitz egiten zien, edo sermoia bota behintzat; ez dut inon ikusi txorion bertsiorik. Berdin gertatu zait korintoarrekin, inoiz ez dut jakin San Juan nekagarriari erantzun zioten; areago, inoiz ez dut jakin ustezko hartzaileek ulertu egin zituzten santuaren gutunak, hitzak esate aldera. Hain dira askotan hitzak hutsak!

Hortaz, maskoten harira! Nago ni modu berean ez direla hartzen animaliok hirigunean eta landagunean. Ni landan bizi naiz, eta badira zenbait animalia etxe bueltan sartu-irtenean ari direnak. Izena ere badute, eurek ez jakin arren. Maskotak ote? Egia esan, ni neu sentitzen naiz horien maskota: orain jana ontzira bota hemen, orain ura hara, orain begi-zikina garbitu, orain atea zabaldu sartzeko, gaueko ordu txikerretan zabaldu ateratzeko… ez dakit nazioarteko egunen batek babesten nauen.

Tira, hitzen harira! Euskaldunen hitzak duen balioaz asko entzun da egunotan, eta hitzen esangura ondo ulertzearen garrantziaz ere bai. Bada, pasa den astean baino zalantza gehiago dauzkat egun. Horra, ea laguntzen nauzuen argitzen, arren! Esadazue Hezkuntzaren lege-proiektu berriak zer dakarren hizkuntza-ereduei buruz… eskerrak alderdi bik sartu duten zuzenketa, bost izatekotan, amen! Eta eskerrak zuzenketa izan den, okerketa izan balitz! Amen gehiago.

Eta Gernikako alkatearena? Eeee? Zer deritzozu horri? Nik argi daukat, zeraren zerak zeraren zerarekin zertu zuela zera, eta akabo! Beltza zuriaren gainean! Ez dela ulertzen? Ba atera politikatik, demonio! Nik badaezpada aspaldian bota nuen hiztegia kartoiaren edukiontzira, espero dut hiztegi birziklatua ez egitea, hiriko maskotentzat bada ere.