GARA Euskal Herriko egunkaria

Gutxienez 2.500 lagun hil eta 9.000 zauritu dira Afganistan mendebaldeko lurrikaran

Lurrikara bortitz batek eta bere ondorengo erreplikek ondorio latzak utzi dituzte asteburu honetan Afganistango ipar mendebaldean, Herat probintzian. Atzo arratsaldean 2.500 hildako eta 9.000 zauritu zenbatu zituzten. Erreskate taldeak denborarik galdu gabe ari ziren lanean, hondakin artetik jendea bizirik atera nahian.

Afganiarrak, hondakin artean senide eta lagunen bila. (Mohsen KARIMI | AFP)

Afganistango ipar mendebaldean, Herat probintzian, egundoko lurrikara gertatu zen iragan larunbatean. Eta, halako hondamendietan gertatu ohi den bezala, hildako eta zauritu kopurua gora eta gora ari da. Atzo arratsaldean 2.500 pertsona zendu zirela eta bertze 9.000 zauritu zirela jakinarazi zion Efe agentziari Hondamendien Kudeaketaz arduratzen den Ministerioak.

Lurrikara kateak 5,5 eta 6,3 gradu arteko lau dardara eragin zituen gutxienez, 50 kilometro inguruko azaleran. Bereziki Zendejan kolpatu zuen. 10.000 biztanle inguru ditu Hari Rud ibaiaren bailara honek, eta bertan izan zuen epizentroa lurrikarak. Dozena bat herrixka erabat suntsitu ziren, agintariek erran zutenez.

Dardara guztiek ordubeteko denboran erasan zuten eskualdea, USGS Ameriketako Estatu Batuetako Zerbitzu Geologikoaren arabera.

Seismorik handienak, 6,3 gradukoak, Zendejan udalerritik 33 bat kilometrora gertatu ziren, ipar ekialdera, 14 eta 10 kilometroko sakoneran kokatutako epizentroekin, hurrenez hurren. Herritik 29 kilometrora hirugarren seismo bat izan zen, 5,5 gradukoa.

Laugarrena eta azkena, 5,9koa, Herat hiritik 35 kilometrora neurtu zuten, 7,7 kilometroko hipozentroarekin.

Hondamendi huts bihurtutako herriak ageri ziren irudietan, eta herritarrak hondakinak eskuekin kentzen, inongo makinarik gabe, senide eta lagunak bizirik atera nahian.

AZKEN URTEETAKO LARRIENA

1998tik Afganistanen gertatu den hirugarren lurrikararik hilgarriena izan da hau. 2021eko abuztuan agintea hartu zutenetik talibanek jasan duten hondamendirik handiena ere bai. Nazioarteko finantza eta erreserbetara jotzeko aukerarik ez dutenez, talibanen Gobernuak ongintzako elkarteei, enpresariei eta herritar dirudunei egin zien dei laguntzeko.

Osasunaren Mundu Erakundea, Afganistango ARCS eta elkarte gehiago erreskate lanetan ari ziren, biktimak artatzen eta biztanleak toki seguruagoetara eramaten.

13 HERRI KALTETUTA

Janan Faiq Hondamendien Kudeaketaren Ministerioko bozeramaileak egin zuen balantzearen arabera, kalterik handienak Zendejaneko 13 herritan gertatu dira. 1.300 etxe erabat suntsitu dira bertan.

Asiako herrialdea hondamendi naturalak gertatzeko aukera gehien dituztenetako bat da, Hindu Kush mendikatean baitago, mugimendu sismiko handiko puntu batean.

Gainera, herritarrak egoera zaurgarrian daude, gehienak pobrezian, eta ez dute lurrikara, uholde eta bertze hondamenei aitzin egiteko azpiegitura egokirik.

«NI BAKARRIK GELDITZEN NAIZ»

Hala oihukatzen zuen negar batean familiako hamalau kideak bere etxeko hondakinen artean bilatzen zituen gizon batek. Oraindik ez zekien inor bizirik aterako zen.

«Bost eguneko semea ere hauts hodei hauen artean dago», zioen, etxearen zatiak eskuetan hartu eta amorruz airera jaurtiz, anitz zabaldu zen bideo batean. Inguruan, sarrerako atea eta hesi zati bat soilik ageri ziren zutik.