GARA Euskal Herriko egunkaria

Udako toalla


Aurten uda luzea izan dugu, edo hobeto esanda, dugu, ez baita oraindik amaitu. Urrian gaude eta itsasoko ura oraindik ez da hozten hasi, ohikoa baino beroago dago, eta eguraldia ere uda girokoa da, eguzkia eta haize apala. Pasa den maiatzean hasi ginen bainujantziarekin itsasoratzen, eta oraindik ez dugu aldatu, uztailean edo abuztuan bagina bezala surf egiten jarraitzen dugu. Ordea, udako toalla gordetzeko garaia badela uste dut.

Aldaketa klimatikoaren ondorioak izan daitezke, ez da txantxetako kontua, baina aroari dagokionez, surflariok gustura gaudela aitortu behar dugu, neguan, olatu onak izaten diren arren, surf egiteko baldintzak gogorrak baitira. Neopreno lodi bat soinean eramateak dena aldatzen du, esaterako, arraun egiten dugunean askoz gehiago nekatzen gara eta olatu gainean ere astunago sentitzen gara. Horrez gain, ura oso hotza dagoenean, neoprenozko oinetakoak ere janzten ditugu, eta horrek gehiago zailtzen du taula behar bezala kontrolatu ahal izatea. Hortaz, ahal dugun bitartean bainujantziarekin edo neopreno finarekin itsasoratzen jarraituko dugu, baina, esan bezala, lehorreratzen garenean gure burua eta gorputza lehortzeko erabiltzen dugun «udako toalla» garbitzeko ordua iritsi da.Jendea harritu egiten da surflariok ur-jantzian pixa egiten dugula jakiten duenean. Hala da, gehienok soinean egiten dugu pixa, ur-jantzian etengabe sartu eta irteten den itsasoko urak dena garbitzen baitu. Zentzu horretan nahiko garbiak garela esan daiteke, baina lehorrean ez da gauza bera.

«Udako toalla» surflariak egunero erabiltzen duen toalla da. Saio bakoitzaren ostean lehortzen jartzen dugu, hurrengo egunean berriz ere motxilan sartu eta gauza bera egiteko. Horrela uda osoa, inoiz ganoraz garbitu gabe. Bitxia da surflari gehienok antzeko ohiturak ditugula ikustea, beste toallarik existituko ez balitz bezala erabiltzen dugu gure eguneroko xukadera sakratua. Surf saio bakoitzaren inguruan sortzen diren erritualen zerrendan bat gehiago da beti toalla bera erabiltzearena.

Surflari ernegatua zikin hutsa dela pentsa dezakezu, baina harrigarria dirudien arren, surflarion artean oso ezaguna da «udako toalla», asko gara ohitura bera dugunak. Arazoa da lehen bi edo hiru hilabetez erabiltzen genuen toalla higatua orain sei hilabetez erabiltzen dugula, beraz, maiatzean erabiltzen hasitako toalla urrian nola dagoen imajina dezakezu. Onddo eta bakterioekin osatutako fauna propioa du, bizi-bizia, eta sekula lehortzera iristen bada, zutik mantendu daiteke, kartoizko kaxa bat bezala.