Maite UBIRIA
BAIONA

Lurraldeko eragileei urrunago joateko deia egin die Euskal Herria Burujabek

Eremu hurbilean sustraiturik dauden alternatibek erakusleihoa izan dute asteburu osoan, Bizi!-k antolaturiko ekimenari esker. Hala, elkarteek, erakundeek eta eragile politiko zein sozialek, orainaren eta geroaren artean zubia eginez, herrixka osatu dute Baiona Ttipian. Klimaren alde, engaiamendua azkartzeko premia nabarmendu dute.

Lurralde subiranoa, jasangarria eta solidarioa eratzeko asmoak irudikatu dira Baionan .
Lurralde subiranoa, jasangarria eta solidarioa eratzeko asmoak irudikatu dira Baionan . (Nahia GARAT)

Euskal Herria Burujabe larunbatean hasi eta atzo arratsaldean amaitu zen Baionan, klimaren desafioa altxatzeko orduan lurraldeko eragileek duten energia eta erantzukizuna nabarmentzen dituen deialdia plazaratuz.

Goizean goiz hitzaldiak hasi ziren Unibertsitatean eta, anartean, elkarteak, erakundeak, kooperatibak eta eragile politiko zein sozialak Baiona Ttipiaz jabetu ziren.

Roland Barthes zabalgunearen albo batean kokatzen den unibertsitatearen sarreraren aitzinean, «lurralde jasangarriagorantz» ibilbidea irudikatzeko baliatu zuten garraioari eskainitako eremua atondu zuten elkarteek.

Orain 30 urte Ipar Euskal Herrian abian eman zen abiadura handiko tren lerro berria arbuiatzeko borroka aletu zuten elkarteek, frantses Gobernuak egitasmoa gibelatu badu ere, «lurralde honentzako arriskua irudikatzen duela» agerian jarri nahian.

Handik gertu, Txirrind'ola elkarteak bere atelierra karrikan plantatu zuen, haurrei bizikletaren erabileran trebatzeko txoko berezia eskainiz. Bi ume txikien joan-jinak gobernatzeko lanetan atzeman genuen Carole. «Aitzinamenduak izan badira ere, adin guztietako txirrindularientzat bide seguruak bermatzea beterik gabeko erronka da Ipar Euskal Herrian», adierazi zion GARAri.

Bizikleta etzana baliaturik, alternatiben herrixkaz gaindi, atzera eta aurrera ibili zen lagun talde bat, tarteka azkarrago besteetan motelago, erakusmahai batetik bestera zebiltzan oinezkoen artean susto bat edo beste eraginez. Aparteko istripurik ez.

Energiari eskainitako eremuan, 2016tik goiti hiru lurraldetako eraikin publikoen teilatuak eguzki panelekin betetzeari ekin dion I-Ener kooperatibak mahaia ezarri zuen, «trantsizio energetikoan jendartearen gehiengoak parte har dezan, ekintza emankorrak plantan ematea zinez garrantzitsua delakoan». Hazparne aldean energia berriztagarriak sortzeko eratu den Izpindar elkarteko lagunak ez ziren oso urrun kokatu.

ETXEBIZITZAREN ERRONKA...

Xaho kaian, etxebizitza lan ardatz duten eragileak plantatu ziren. Duela pare bat urte sortu zen Alda!-k alokairuen gaineko abusuak jarri ditu gehienbat jomugan. Etxalde elkarteak eskarmentu gehiago izanik ere, etxebizitza sozialak sortzeko molde berriak entseatzen ditu.

Euskal Herrian burujabetza eratzeko aski indar badela aldarrikatu duen topaketak, ezinbestean, biztanle guztientzat bizitoki duina bermatzeko erronka sozial eta klimatikoaren ardatz gisa kokatu du afera.



«Tokiko ekimenak garrantzitsuak dira hazkundetik ateratzeko»

Timothee Parriquek “‘Hazkundetik atera” lelopean Euskal Herria Burujabe topaketen barruan antolaturiko konferentzian parte hartu zuen. Suediako Lundeko Unibertsitateko ikertzaileak «ekonomialari ekologista» gisa aurkezten du bere burua, “Mediabask” astekariari eskainitako elkarrizketan.

Parriquek nahiago du apaltzeaz mintzatzea soiltasunaz mintzatzea baino. «Pobrezia handia duzunean eta etxebizitza, janari eta negozio nahikorik ez duzunean, eraiki egin behar dira. Beraz, hazkundea behar da. Baina behin gauza horiek guztiak izanik, ez du ezertarako balio kontzentratzen jarraitzeak. Xedea kalitate modura pasatzea da».

Kapitala metatzea xede duen neurrian, 34 urteko angeluarrak uste du kapitalismoa ez dela bateragarria apaltzearekin. «Kapitalismoa ez da gai hautapen bat egiteko, plangintza ekologikoa egiteko».

Parriqueren iritziz jende guztiak egin dezake apaltzea. «Kontzeptu gisa, fenomeno makroekonomikoa dela onartu behar dugu, baina bere antolaketa oso tokikoa da. Onartzen badugu ekonomia baten helburua ongizatea dela, onartu behar dugu, baita ere, ongizatea pertsonen erabakien bidez adierazten dela, bizi diren tokiaren bidez. Horrek, nahitaez, erabakiak hartzean, deszentralizatzea erran nahi du». Tidjan PERON