Alaia SIERRA

Ofizialtasuna itu, ikastolei hots egin zieten Etxarrin

Euskarak Nafarroa osoan ofiziala izan behar duela eta horretan ikastolek paper garrantzitsua jokatzen dutela aldarrikatu zuten atzo Nafarroa Oinezen. Lainoa saretzearekin batera, egun zoragarri batez gozatzeko aukera izan zen Etxarri Aranatzen. Jolasak, kirolak, musika emanaldiak eta eskulangintza postuak egon ziren, adin guztietakoentzat.

Trantsizio geletako ikasleek moztu zuten jaiari hasiera ematen dion zinta.
Trantsizio geletako ikasleek moztu zuten jaiari hasiera ematen dion zinta. (Idoia Zabaleta | Foku)

«Hotsein» leloarekin ospatu zuten atzo Etxarri Aranatzen Nafarroa Oinez. Ekitaldi hunkigarri baten ondotik ireki zuten hiru kilometroz eta ezuste politez betetako ibilbidea. Behe lainoaren azpian esnatu zen eguna Sakanan, eskualdeko 14 herrietako ikasleak hartzen dituen Andra Mari ikastolako kideek emozio saltsa bat zuten barnean. Ardura eta ohorea batetik, egindako lan handiaren ondoko nekea bestetik. Duela 54 urte dozena bat ikaslerekin hasi zen proiektuak 400 inguru ditu gaur egun, eta esker ona adierazi zieten apustua egin zutenei; baita festa honetara hots egitera hurbildu ziren guztiei ere.

Goizeko hamarretan hasi zen festa, adar baten dei-soinuari erantzunez, bertaratutako erakundeen ordezkari eta ordezkari politikoen aurrean.

Igande berezia hotz eta lainotsu hasi zen arren, batzuk kalimotxoa eskuan egon ziren hasiera-hasieratik eta segituan girotu zen Etxarri, adin guztietako jendea kotxez, autobusez eta trenez etengabe heltzen joan zen eta. Goiz erdi aldera, kafea hartzeko, txosnetarako tiketak erosteko nahiz garagardoak edo taloak hartzeko ilarak antzekoak ziren.

Beroa handitzen joan zenean, bertaratu ziren familiak, gazteak eta helduagoak itzal baten bila hasi ziren. Eguzki betean zegoen Izaskun, puzgarrietako ilaran, GARAri azaldu zionean haurrekin Nafarroa Oinezera urtero etortzen saiatzen dela, Iruñetik. Eguraldi ona eskertu zuen, eta berak eta familiak «planik ez» daukatela aitortu zuen arren, egun osoa Etxarri-Aranatzen igarotzeko asmoa zuten, Iruñera trenez itzuli baino lehen.

Irekiera ekitaldian euskararen ofizialtasuna eskatu zuten Nafarroa osoan, eta hizkuntzaren erabilerari bultzada emateko asmoa ere nabarmendu zuten. Arnasgune batean dago Etxarriko ikastola, eta konbentzituta daude erreferente izan daitezkeela. «Euskaldunok merezi badugu euskara Europan ofiziala izatea... nola ez Nafarroa osoan!», nabarmendu zuen Izaskun Errazkin Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolako lehendakariordeak. Baxoa euskaraz egiteko eskubidea ere aldarrikatu zuen.

Elena Zabaleta Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakariak zera erantsi zuen: «Ikastolak Nafarroako lurralde osoan zabaldurik gaude, eta gure konpromisoari eutsiko diogu, marra gorriak gaindituz: euskaraz hazi eta hezi nahi duten herritar guztiei eskubide hori bermatuko diegu».

Ana Ollo Hualde Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak, zonifikazioa gainditzeko erronka indar bereziz zabaltzen ari den aldarrikapena den arren, Nafarroako Parlamentuan «gehiengo nahikorik» ez duela gogoratu zuen.

BEHAR BEREZIKOENTZAT

Andra Mari Ikastola izan zen euskarazko trantsizio gelak edo gela alternatiboak sortu zituen lehenetarikoa. Orain, horrelako bi gela dituzte. Hain zuzen ere, behar bereziko ikasleak eta haien familiak omendu zituzten, eta haiek arduratu ziren zinta mozteaz.

Hori baino lehen, Andra Mari ikastolak inklusibitatearekin duen konpromisoa nabarmendu zuen Errazkinek: «Ezinbestekoa da gure ikasle guztiengana iristea, ezinbestekoa aniztasuna eta inklusioa gure egunerokoak izatea, denengana iritsi behar dugulako gizarte justuago bat lortzeko». Horretarako baliabideak eskatu zizkien agintariei.

Itsasontzi itxurako bizikleta baten gainean zihoan txirrindulari baten gidaritzapean, gonbidatuak ikastolako parkingean elkartu ziren. Ondoren, segizioa autokarabanen aparkalekuraino jaitsi zen txalaparta doinuen artean, eta hor, beste ustekabe atsegin batekin egin zuten topo: dantza ikusgarria egin zuen erraldoien konpartsarekin.

LEKUKOA ZANGOZARI

Merezitako bi omenaldi egin ziren kultur etxean. Lehenik, hainbat urtez Nafarroako Ikastolen Elkarteko arduradun pedagogikoa izan den Irene Lopez Goñiri, eta bigarrenik, Andra Mari Ikastolako irakasle eta herri kirolen sustatzaile izan den Jexux Senarri.

Datorren urtean Nafarroa Oinez festa antolatuko duen Zangozako Ikastolako ordezkariek jaso zuten lekukoa.

Trikiteens, Nafarroa 1512, Gozategi, Alerta Gorria, Trikidantz, Alarma Morea, DJ Bull eta The Potes aritu ziren, baita aurtengo Oinezen abestiaren musikagile Joseba Tapia ere.

Euskara eta ohitura osasuntsuak sustatzeko asmoz, Nafarroako hamaika ikastolatako ehundik gora ikaslerentzat egindako jolas erraldoian ere gozatu zuten, Erronkan. Gainera, herri kirolak ikusteko aukera, tonbola eta haurrentzako mota askotako jolasak egon ziren herriko txoko guztietan.

Giro alaiak blaitu zuen Etxarri-Aranatz egun osoan, uda luze honetako azken izozkiak hartzeko aukera eman zuen eguraldiak lagunduta. Jaiaz gain, argi geratu da Andra Mari Ikastolak muino batetik zaintzen duen Sakanako bazter honetan euskararen hotsa entzuten dela.