GARA Euskal Herriko egunkaria

Aita Mari ontzia Mediterraneo itsasoan da berriz ere, Italiako uretara bidean

Aita Mari ontziak 11. misio humanitarioa abiatu berri du. Merkataritza Itsasketako Zuzendaritza Nagusiak Castelloko Itsas Kapitaintzaren bidez beharrezko baimenak eman ondoren, Burrianako portutik irten zen astelehen eguerdian, Italiarantz.

Aita Mari ontziaren irudi bat. (SMH)

Beharrezko baimenak eskuratuta, Mediterraneo itsasoan da berriz ere Aita Mari ontzia. Abiatu berri dutena 11. misio humanitarioa da. Lauzpabost egun barru helduko dira Italiako uretara. Burrianako (Castello) portuan zain zegoen ontzia, Merkataritza Itsasketako Zuzendaritza Nagusiak Castelloko Itsas Kapitaintzaren bidez eman beharreko baimenaren zain, eta astelehenean bertan jaso zuten berria.

Isa Egiguren bozeramaileak GARAri azaldu zionez, ziurgabetasuna nagusi izaten da bidaietan, Italiako migrazio politika «ia egunero» aldatzen baitute, eta zaila da misio bakoitzean aurkituko duten egoera aurreikustea. «Jende asko irteten ari da Libiatik eta, batez ere, Tunisiatik. Eguraldia oso ona denez, espero dugu patera asko aurkitzea», adierazi zuen.

Beste zenbaitetan traba administratibo ugari jarri izan badizkiete ere, azaldu zuen «oraingoan erraza» izan dela baimenak eskuratzea: «Testuinguru politikoaren araberakoa izaten da, baina inoiz ez dakigu zehazki zergatik den».

Salatu zuen gero eta traba gehiago jartzen dizkietela migratu behar duten pertsonei, Europara heltzeko. Hain zuzen ere, agintari europarrei leporatu zien mugak nola edo hala «aldentzen» ari direla: « Libian ere gertatzen da, baina bereziki Tunisian. Europatik dirua jasotzen dute, jendea hor mantendu dezaten. Hala ere, beti ateratzen dira paterak».

Beti gertatu den zerbait dela aitortu bazuen ere, Egigurenek adierazi zuen Tunisian egoera arriskutsua bilakatzen ari dela migratzaileentzat, presidenteak otsailean egindako diskurtso arrazistaren ondotik: «Handik aurrera etxetik, lanetik eta toki guztietatik bota dituzte. Basamortura bidali zituzten 1.000 pertsonatik gora».

Udan Italiako Lampedusa uhartera asteburu bakarrean patera ugari iritsirik, Tunisia gogorrago jokatzen ari dela salatu zuen: «Europak esan zuen Tunisiari diru gehiago emango ziola, eta nabaritu da ez direla horrenbeste iristen».

«Harresi guztiak jarrita ere, jendea moldatzen da etortzeko», baieztatu zuen, eta adibide gisa jarri zuen Kanarietako El Hierro uhartean egunotan jazotzen ari dena, pertsona asko heltzen ari baitira , bereziki Senegaldik.

Larunbatean Lakuako Gobernuko Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua den Nerea Melgosaren eta Migrazio eta Asilo zuzendaria den Xabier Legarretaren bisita izan zuten, baimenen zain zeuden bitartean. Egiten duten lana aitortu zuen Melgosak, eta Egigurenek instituzioengandik babesa jasotzea eskertu zuen.

Izan ere, sarritan instituzioekin izaten dituzte arazoak. Ikuskapen ugari pasarazten dizkiete eta arazo administratibo franko izan dituzte, itsasoratzea atzeratu edo ezinezko egin izan dizkietenak: «Horren atzean erabaki politikoak daude eta, horregatik, horrelako babesa ere behar dugu».

KRIMINALIZATUTA

Egiten duten lana kriminalizatuta dagoela azaldu zuen Aita Mari ontziko bozeramaileak, eta herritarrengandik jasotzen duten babesa ere eskertu nahi izan zuen, sarri askotan politikariak izaten baitira haienganako jarrera negatiboa agertzen dutenak. «Migrazio politikak eskumara joaten ari dira, modu kezkagarrian gainera, Europakoak zein Espainiakoak», esan zuen, eta Melillan jazotakoak gogora ekarri zituen.