GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Anuken egia


Xabi edo Txato zen guretzat gerora Anuk izango zena. Jarrai gazte erakundeko militante ezaguna. Memorian iltzatua dut mutiko ilehori, ipurtarin eta argal haren silueta. Lagunen laguna, festa zalea eta gau txoria, baina aldi berean serioa eta buru prestua lanean. Askotan bide bazterrean ikusten genuen «piojo» gabardina luzearekin auto-stop egiten. Ez zen geldirik egotekoa eta Euskal Herri osoan mugitzen zen arraina uretan legez. Gogoak premilitantzia ikastaroak ematen ziren lokal zahar hartara narama. Han entzun genuen lehenbiziko aldiz «materialismo historiko» hitza. Zirkunstantzia materialek baldintzatzen dituzte egitate historikoak eta ez ideiek. Alde batetik gainegitura dago (politika, estatuaren antolakuntza…) eta, bestetik, azpiegitura (ekonomia). Eta teoria honi jarraituz, Xabiren arabera, azpiegiturak baldintzatua zuen gainegitura. Eta marxista bihurtu ginen lokal hartatik irtetean.

Horrela zen berarekin. Kimu berde batzuk ginen, baina mundua jateko gosez geunden, eta berak gose hura asetzeko bazka ematen zigun. Errealitate itxuraldatu eta zuri-beltzei kolore argiago bat eman nahi genien eta, iraultza ez bazen, iraultzaren antz handia zuen zerbaiten parte sentitzen ginen. Eta irakurtzen hasi ginen, eta antolatzen eta konspiratzen, eta borroka zen bide bakarra eta borroka zen gure arnasgunea, borroka bihurtu zen gure bulkaden sismografoa. Errepresio bortitz eta atxiloketa garaiak izan arren, geure txikian mundua aldatzea bihurtuko zen gure lehentasun ezinbestekoa. Bai ala bai, horrela behar zuen Xabi bidegile izan dugun guztiontzat.

30 urte igaro dira Gurutze Iantzi ere hil zuten irail beltz hartatik. Eta oraino egiaren eta bertsio ofizialaren artean katramilatuta gabiltza. Dena den, memoriaren inbentarioa egiten dugunean, egiak, aparrak uretan nola, gora egiten du eta kresal modura laztantzen gaitu oroiminaren labarretik, nahiz eta erantzunik gabeko galderek hor dirauten, laino beltzen antzera.

Hor dago, Zumaiako labarrean, Anuken egia, garrasi isil baten modura.