GARA Euskal Herriko egunkaria

Igeldoren desanexioan Udalaren jarrera «ikusteko» dagoela diote

Igeldoko Herri Kontseiluak, Tokiko Entitate Txiki bihurtzeko prozesuan, Donostiako onarpena nabarmendu du, baina Udalak izango duen jarrera «ikusteko» dagoela ohartarazi du, eskumen jakin batzuei buruz daukaten «borondatea» garrantzitsua izango delako.

Igeldoren desanexioaren aldeko ekintza bat, artxiboko irudi batean. (Gorka RUBIO | FOKU)

Donostiako Gobernu Batzordeak Igeldo Tokiko Entitate Txikia izateko prozesua onartu zuen asteartean, Herri Kontseiluak 2020tik egindako lanketaren ondoren.

Kontseiluak «positiboki» baloratzen du, baina, behin martxan jarrita, Donostiako Udalak eskumen jakin batzuen inguruan izango duen jarrera «ikusteko» dagoela adierazi du.

Igeldoko Herri Kontseiluak atzo bidalitako ohar batean gogorarazi zuenez, Donostiako udalerritik desanexionatzeko hautua bi bider egin izan da -2013an, hiru urte geroago atzera bota zutena-, baina «herritarren nahi hori ez da errespetatua izan».

Horrelako prozesuak aurrera eramateko orduan Herri Kontseiluaren jarrera ez dela «inoiz oztopo izan» argitu zuten. 2020an abiatu zuten prozesuan adostutako txostena Donostiako Gobernu Batzordeak asteartean onartu zuen, «gure egoera hobetzeko tresna eraginkorra eta baliagarria».

Datorren urteko martxoan edo apirilean bihurtu daiteke Tokiko Entitate Txikia.

Hala eta guztiz ere, atzoko oharrean adierazi zutenez, «Donostiako Udalaren jarrera oso garrantzitsua izango da Igeldoko Tokiko Entitate Txikiaren garapenean. Udalak igeldotarron arazoak konpontzeko benetan agertzen duen borondateak baldintzatuko du».

Astearteko onarpena «lehenengo pausoa» izan bada ere, «garrantzitsuena» falta da, hots, «igeldotarren iritzia». «Adostutako Tokiko Entitate Txiki horren inguruan, azkeneko hitza Igeldoko herritarrek izango dute», gaineratu zuten.

Igeldo 1863an batu zen Donostiara eta 1990. urtetik hainbat desanexio saiakera egin dira.

2013/46 Foru Dekretuak Igeldo udalerri gisa aitortu zuen, baina EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren 2016ko epai batek aipatutako foru dekretua baliogabetu eta desanexioari atea itxi zion.

Une horretan beste aukera batzuk planteatu ziren Igeldoren eta Donostiaren arteko harremanak bideratzeko, eta 2020an Igeldoko Tokiko Entitate Txikia sortzeko aukera azaldu zen.