Jon ORMAZABAL
LAU ETA ERDIKO TXAPELKETA 2O23

Tolosaldea final laurdenetako ligaxkaren epizentro bihurtu da

Zortzi pilotarietatik erdiak, Altuna, Jaka, Artola eta Peña, kilometro gutxiren bueltan bizi dira eta gutxienez lauretako bat finalerditan izango da. Ikusmina sortu du bihar Altunaren eta Artolaren arteko demak, 2014ko Promozio mailako finala gogoan.

Iñaki Artola eta Jokin Altuna, 2014an, kaiolako Promozioko finala jokatu aurretik.
Iñaki Artola eta Jokin Altuna, 2014an, kaiolako Promozioko finala jokatu aurretik. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Aspaldiko urteetan Tolosaldea izan da lehen mailako pilotarien faktoriarik emankorrena, eta gaur egun profesionalak diren 41 pilotarietatik zortzi -hots, %19,51- inguruko zortzi herri desberdinetan sortuak dira. Artola, Jaka, Peña, Elizegi, Iztueta, Ugartemendia, Altuna eta Tolosa dira aipatu zortzi pilotari hauek.

Altunaren eta Jakaren arteko buruz buruko zein kaiolako finalak mugarri izan ziren Gipuzkoa erdialdeko pilotazaleentzat, amezketarrak eta Artolak jokatutako Promozioko kaiolako final gogoangarri hura ahaztu gabe. Baina final kopuruaz harago, kalitatea ere handia dela nabarmentzen ari da aurtengo Lau eta Erdiko txapelketa.

Tolosaldea kaiolaren epizentro bihurtu dela esatea ere ez dirudi gehiegizkoa denik, final laurdenetako ligaxkan jokatuko duten zortzi pilotarietatik erdiak, hau da, Artola, Peña, Jaka eta Altuna, kilometro oso gutxiren barruan sortuak baitira.

Final laurdenak ez dira ezezagunak lauretako inorentzat, baina orain arte sekula ez ziren laurak batera urte berean aritu. Jakak iaz huts egin zuen final zortzirenetan Elordiren aurka galdu zuelako, eta Artola azken bi aldietan erori zen lehen galbahean Danel Elezkanoren eta Aitor Elordiren aurka erorita, hurrenez hurren. Alabaina, aurten dagoeneko hiru kanporaketetan aurrera eginda -Jokin Altuna zerrendaburu izanda, sailkatuta zegoen-, laurek bat egingo dute zortzi onenen artean.

Horrez gain, pilotariak multzoetan nola kokatuta dauden ikusita, gainera, Altuna, Artola eta Peña B multzoan baitira, Tolosaldeak ziurtatuta du finalerdietan, gutxienez, ordezkari bat izango duela. Kokapen horrek berak, ordea, hiru pilotariek aurrera egitea galaraziko du. Kasurik onenean bik egingo dute aurrera.

DERBIA LARRUNARRIN

Eta, giro honetan, ikusmin berezia sortu du bihar bertan Jokin Altunak eta Iñaki Artolak Amezketako Larrunarrin jokatuko duten «derbiak».

Aurkezpenean zozketa egin zen unetik bertatik, pilotarien eta zaleen artean sekulako gogoa sortu zen bi auzokideak elkarren aurka etxean ikusteko. Hala, alegiarrak, ez sufrimendurik gabe, Asier Agirre kanporatu eta segundo gutxira amaitu ziren jaialdirako sarrerak.

Lau eguneko aldearekin debuta egin zuten biek ala biek 2014ko ekainean; amezketarra lau egun lehenago kantxaratu zen galtza zuriekin Artola baino, eta horregatik gorriz jokatuko du etxeko pilotalekuan bihar.

Lehen urte horretan giro paregabea sortu zen bien inguruan eta ikusmin horrek goia 2014ko Promozio mailako kaiolako finalean jo zuen, elkarren aurka aritu baitziren. Fisikoki askoz indartsuago eta garatuagoa, txapel hura alegiarrak jantzi zuen Atano III.ean, Altunari 22-8 irabazita, baina azken urteetan amezketarra da ur aparretan dabilena eta zorterik batere gabe eta bururik altxatu ezinik, aldiz, Artola, bere mailan.

2020ko Jakaren eta Altunaren arteko Manomanista eta Lau eta Erdiko finalen ostean, 2021eko buruz buruko finalak ere mugarri behar zuen Tolosaldeko pilotazaleentzat, baina Altuna III.aren eta Artolaren arteko finala ez zuten jokatzerik izan, alegiarrak zangoan izandako minaren erruz. Rezustak ordezkatu zuen gipuzkoarra, eta Altunak aise lortu zuen bere Buruz Buruko bigarren eta azken txapela.

SORIAN HITZORDUA

A multzoan, Lau eta Erdiko Txapelketa Soriara itzuliko da gaur, 17.00etan. Erik Jaka eta Pello Etxeberria izango dira protagonistak final laurdenetako ligaxkako lehen jardunaldian.

Erdi txantxetan, «Pellok uzten badit, irabaziko dut», bota zuen Lizartzako pilotariak, piloten aukeraketaren ondoren. Larrazabali 22-13 irabazi ostean itzuli da kaiolako da final laurdenetara, eta gaur bere izaera lehiakorra erakutsi nahiko du beste behin. Etxeberriak, berriz, «ikuskizun ona» emateko itxaropena azaldu zuen, aurrean aurkari zinez gogorra izango badu ere.