EDITORIALA

Nork ordaindu behar du bizitzaren garestitzea?

Ez da erraz zenbatzekoa Iñigo Urkullu lehendakariak zenbatetan jo duen langileen greben aurka hilabeteotan. Neurri batean, arrazoia dauka protesta kopurua handiaz mintzatzen denean. Eustat-ek aste honetan ezagutarazi dituen datuen arabera, 342 greba deialdi izan ziren 2022an Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Azken hemezortzi urtean, 2013an soilik egin ziren greba gehiago (350). Protesta hauetan konprometitu den langile kopurua, gainera, sailean ikus daitekeen handiena da: 106.998 pertsonak parte hartu zuten grebaren batean. Geldialdien iraupena ere bereziki luzea izan zen: denera 384.459 greba egun izan ziren.

Egia da, beraz, lan gatazkak pil-pilean daudela. Baina horrek, Urkulluk pentsatzen duenaren kontra, ez du zertan txarra izan. Mobilizatzeko gaitasuna mantentzen duen langileriaren isla ere bada, ekuazioa askotan esplikatzen denaren kontrakoa baita: ez dago greba asko lan-baldintzak onak izan arren; lan-baldintzak beste leku batzuetan baino hobeak dira langileak horien alde borrokatu direlako. Asko sinpletzea da horrela azaltzea, faktore askoz gehiago sartzen direlako jokoan, baina faktoreen hurrenkera garbi izatea komeni da.

Greba kopuru handiak ere badu puntu deskriptiboa. Hau da, egungo testuingurua azaltzen laguntzen du, lan gatazka horien atzean dauden arrazoiak zintzoki bilatzen badira. Soldaten debaluazioa handia izan da bizitza asko garestitu den hilabete hauetan. Duela urte eta erdiko 100 euro ez dira gaur egungo 100 euro; askoz azkarrago xahutzen dira, astero erosketa egiten duen edonork dakienez. Hitzarmen berri bakoitzarekin adostu ohi ziren soldata-igoera apalek -%1 eta %2 artekoak-, ez dute gaur egun pobretze hori arintzen. 2022an KPIa %5,6 igo bazen, normala da langileek tamainako igoerak eskatzea, behintzat kopuru hori asumitu dezaketen enpresetan -lantoki bakoitzak bere ezaugarriak dituela ezin baita ahaztu-. Eskaerak igo diren neurrian, enpresen jarrera ere gotortu egin da kasu askotan, eta hori hitzarmen berrien zifretan ikus daiteke. Bizitzaren garestitzea nork ordaintzen duen da gatazkaren muina. Ez da albiste txarra, beraz, kaltetuak langileak ez izateko esfortzua osasuntsu mantentzea.