GARA Euskal Herriko egunkaria

Gaza


Holderlin zalea den lagun poeta batek kontatu zidan, behin, mendian osteratxo bat egiten ari zela, halako poz neurrigabe bat sentitu zuela, bere gorputzak eta adimenak munduarekin bat egin izan balute bezala. Lehen aldiz maiteminduta egotea bezala deskribatu zuen sentsazioa, bat-batean izaki bizidun eta ez-bizidun ororekin maiteminduta egotea bezala. Arrazoi fisiologikoak eta psikologikoak daude sentituriko euforia azaltzeko, baina horrek ez du egun hartan bizitakoa indargabetzen. Kontrakoa, gizaki izatea zer den erakusten du.

Lagunaren hitzak buruan izan ditut egunotan, poz neurrigabearen ordez min lazgarri batek gorputzeko zelula bakoitza zulatzen zidan, ari zaidan, bitartean Gazan bertan zein handik kanpo dauden palestinarrak (haien artean, lagunak, ikasleak, lankideak) sufritzen ari direnagatik. Orain arte nahikoa sufritu izan ez balute bezala. Minari amorruak jarraitu ohi dio, Israelek sortu eta Mendebaldeko botereak lasai asko zabaltzen ari diren propagandaren aurrean. Ez da lehen eta bigarren klaseko biktima kontua. Biktimak daude (israeldarrak) eta palestinarrei dagokienez, gizakiak ere ez dira. Baina hala izan da zazpi hamarkadaz. Israeldarren eskubideak defendatzen dituzten horiek oraingo muturreko gobernuaren aurrean, azken hori egunotan jazotzen ari denaren erantzule nagusia balitz bezala, ohar daitezela eskubide horiek palestinarren bizitzen kontura existitzen direla. Eta genozidioak aurrera jarraitzen du, itxurakeriatan ibili behar gabe orain.