GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Peñak sufritu egin du irabazteko, beste martxa bat falta zaion Elordiren aurka

Tolosarra ia partida osoan markagailuan aurretik joan bada ere, larri ibili da Elordi mendean hartzeko (19-22), eta lehen puntua poltsikoratzeko. Erritmo bizian jokatu dute bi pilotariek, baina pilota dezente galdu dituzte: Peñak zazpi eta Elordik bederatzi.

Peña eta Elordi, Lau eta Erdiko final laurdenetako partidan, atzo, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Jon Ander Peña eta Aitor Elordi, zerbait badira, aurrelari erasokorrak dira, eta sakean abilak. Tanto motzak ikusi ziren atzo Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Erritmo handian jokatu zuten tolosarrak eta mallabitarrak. Eta aldarte guztiz desberdinean zetozen biak. Peña une gozoan, sasoi onean, eta Elordi, ordea, udan kasik partidarik jokatu gabe. Inkognita hutsa zen nola irits zitekeen aurtengo Binakako Txapelketako eta Buruz Buruzko txapelduna Lau eta Erdikora. Bada, atzo ikusi zen eta berak hala aitortu zuen, «beste martxa bat» falta zaiola.

Hala ere, irabazteko aukerak izan zituen, eta markagailua begiratzea besterik ez dago. «Ikusita udatik zer jokotik natorren, eta denbora dezente partidarik jokatu gabe, nahiko konforme nago jokatu dudan partidarekin», adierazi zuen mallabitarrak, partida amaitu ondoren. Horri heldu beharko dio Elordik. Hutsegite batzuekin «oso haserre» zegoela gaineratu zuen. «Azkeneko tantoan egin dudanarekin, adibidez. Atsekabetuta nago. Hortxe eduki dudala nabaritu dut», esan zuen Aspeko aurrelariak.

Tolosarrak ere adierazi zuen «pilota gehiegi oparitu» zituela, eta «bolada onak zein txarrak» izan zituela. Atzoko partidan erregularragoa izatea falta izan zitzaion Peñari, erregularragoa izatea eta bolada onei segida ematea, markagailua hauste aldera. «Buruz partida gogorra izan da. Markagailuan aldentzen nintzen, baina ez dut hausterik lortu».

Izan ere, partidako une askotan izan zuen Baikoko aurrelariak esku-eskura markagailua hausteko aukera, baina ez zuen ondo baliatu, hutsegiteak tarteko. Eta horrek Elordiri aukera eman zion behin baino gehiagotan markagailuan gerturatzeko.

LEHIA HAUSTEKO AUKERA

Tolosarra aurretik ibili zen markagailuan, lehen tantoan izan ezik, eta 7-6koan. Peñari bizitasun handiarekin ikusi zitzaion kantxan, sakean mina eginez. Alde horretatik, Elordik ere sakea bere alde izan zuenean, min asko egin zion tolosarrari sake errematean.

Biak ala biak sakatzen trebeak dira; pilotari abiadura bizia eta norabide egokia ematen. Baikoko pilotariak 8-11 tantoan aukera izan zuen mahai gainean kolpea emateko, eta lau puntuko errentarekin lehen atsedenaldira joateko; baina huts egin zuen, bolea joan egin baitzitzaion. Orduan, Elordik, sakea baliatuz, pauso bat aurrera egin eta, hortzak estututa, hiru tanto jarraian jan zizkion (10-11).

Mallabitarra hurbildu orduko, berriro ere aldentzen joan zen Peña, sake eta gantxo zoragarri bat tarteko (12-17). Hor izan zuen tolosarrak beste aukera bat markagailua hausteko, baina berriro ere kale egin eta Elordik atseden hartzea eskatu zuen (13-17).

Hortik aurrera, partida pixka bat nahasi egin zen. Denbora pasatu ahala biak joan ziren tantoak egiten, eta markagailuan aldea mantentzen. Peñak beti bizpahiru tanto gehiago zituela. Bukaeran, baina, tolosarrari pixka bat aldrebestu egin zitzaion neurketa, eta oso estu hartu zuen Elordik, markagailua iraultzeko aukerak izateraino. 19-21ean, ordea, gantxo bikaina egin zuen Baikoko pilotariak, eta azken tantoan Elordik berak oker jo zion pilotari.

HIL ALA BIZIKOA

Hurrengo astean Elordik hil ala biziko partida jokatuko du Iñaki Artolaren aurka. Galtzen badu, Lau eta Erdikotik kanpo geratuko da. «Gaurko bidetik jarraitzen badut, eta hutsegiteak zuzenduta, Artolari gauzak estu jartzeko gai naiz. Puntua atera behar da bizirik segitu nahi badut», adierazi zuen mallabitarrak.

Bestalde, Peñak Jokin Altunaren aurka neurtuko ditu indarrak, eta hori «seinale ona» dela esan zuen: «Pozik joango gara Eibarrera. Ondo nago eta bizi sentitzen naiz. Gaurko hutsegiteak murriztuta, zergatik ez? Irabaztera joango gara».