Maddi TXINTXURRETA
EUSKAL HERRIKO NESKA* GAZTEEN BATERAJOTZEA

Korapiloak deslotzen: subjektutik grebara

EHN*Gek egun intentsua izan zuten Usurbilen. Feminismoaren subjektu politikoari buruzko eztabaidarekin hasi zuten eguna, eta datorren A30eko grebaren gakoak ere eman zituzten. Gaur amaituko da baterajotzea, eta erabaki baten berri emango dute: ea izena mantenduko duten edo Euskal Herriko Gazte Feministak izango diren aurrerantzean.

Asteburuan Usurbilen egiten ari diren EHN*Gen baterajotzeak utzi duen irudietako bat; herriko kiroldegia jendez beteta, grebaren inguruko mahai ingurua egin bitartean.
Asteburuan Usurbilen egiten ari diren EHN*Gen baterajotzeak utzi duen irudietako bat; herriko kiroldegia jendez beteta, grebaren inguruko mahai ingurua egin bitartean. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Feminismoaren etengabe berrikusteko grinak gai nuklearretara bueltatzen du eztabaida, eta mugimendu honen subjektu politikoa nor den pentsatzen eman zuten larunbat goiza EHN*Gek Usurbilen, asteburuon egiten ari diren baterajotzean. Balio du «neska asterisko» subjektuak?

“Asteriskoa: subjektuaren inguruko eztabaida” mahai inguruan, Mijo Lizarzaburu feministak kokatu zuen eztabaida. Zeren arabera eraikitzen dira subjektu politikoak? «Subjektuak eraiki izan dira existitzen ez diren natura baten barnean. Esan digute emakumeak garela naturalki, naturalki garela ahulagoak, sentikorragoak, zaintzaileagoak. Kontuz ibili behar dugu esentzialismo edo naturalizazio horrekin, naturaltzat hartzen duelako politikoa den gatazka bat. Eta, beraz, sinestarazten digu ezin dela aldatu. Hori guztia falazia bat da. Atzerritartasun legeak ematen du arraza, Estatu espainolarekin dugun gatazkak egiten gaitu euskaldun eta independentista, gizonekin ditugun gatazkak egiten gaitu emakume», esplikatu zuen.

Identitateak, beraz, eraiki, deseraiki eta erabaki daitezke, eta «estrategikoak» izan behar dutela baietsi zuen Lizarzaburuk, besteak beste, gizon klasea, burgesia ala heteropatriarkatua borrokatzera bideratu behar direla, «zapalkuntza erregimenak betikotzen dituzten sistemekin amaitzera». Adibide modura esan zuen gizon klasea bukatzeko bat egin dezaketela emakume, bollera eta transek. «Baina emakumeekin dugun borroka puntu batera arte iritsiko da, zeren gizonen desagertzeak, ezinbestean, emakume klasearen desagertzea ekarriko du», azaldu zuen.

INDARGUNEAK ETA MUGAK

Euskal Herrian Neska* Gazteen taldeak sortzen 2017-2018 artean hasi ziren. Udaleku feministak antolatzen hasi ziren lehenik, gero “Egin dezagun Topa” topaketak antolatu zituzten, Elizondoko baterajotzea ondoren. Usurbilen dira orain, bigarren baterajotzean, Neska* Gazteak markaren aterpean. Egun, hortaz, izen horrek taldearen «gaitasun estrategikoa» aitortzeko balio du, «sendotu, zabaldu eta egonkortzeko» egin duen lana ordezkatzeko, Uma Ulazia EHN*Gen koordinadorako kidearen esanetan.

2018ko greba feministaren harira hedatu zen asteriskoaren ideia -mugimendu feminista emakumeak ez diren subjektuetara ere zabaltzeko sistema, bollera eta transengana, kasurako-, eta bere egin zuten gazte feministek. Alta, asteriskoak «mugak» dituela onartu zuten atzo. «Asteriskoak ez du izendatzen, eta izendatzen ez dena ez da», agertu zuen.

Usurbilgo frontoian zuzendu zitzaien Uma Ulia sare zabal honetako kideei, interpelatu zituen, esanez gehiengoa emakumea, heterosexuala, zuria eta argala dela. Ohartarazpen bat ere egin zien: «Arau patriarkalek indarrean segitzen dute, besteak beste, arau hauek betetzen ditugulako, betetzen dituzuelako». «Eta emakume izateak berezkotik ez badu ezer, arau hauek ez betetzeko aukera erreala da», baieztatu zuen.

Zentzu horretan, bollera eta trans subjektuak «estrategikoak» direla esan zuen, «patriarkatuaren erreprodukzioa oztopatzen dutelako, arauak ez betetzea posible dela demostratzen dutelako». Eta, momentuz, izenetik hasita, EHN*Gen kolektiboak «ez du ireki espazio seguru bat bollera eta transentzat», onartu zuen Uliak. «Espazio hori sortzea denon lana da», azpimarratu zuen, eta hori praktikarekin gauzatu behar den arren, lehenengo pausoa emateko aukera ireki dute gazteek. Taldeetan banatu eta eztabaida hasi zuten. Gaur adieraziko dute ea EHN*Gak izenari eutsiko dioten edo Euskal Herriko Gazte Feministak izango diren aurrerantzean.

GREBARAKO DOZENAKA MOTIBO

Arratsaldean, espazio desberdinetan militatzen duten hiru ordezkarik dozenaka motibo bildu zituzten azaroaren 30eko greba feminista orokorrarekin bat egiteko. EHN*Gen Usurbilgo baterajotzeak, nola ez, zaintza izan zuen hizpide.

Zaintza sistemaren inguruko gatazkak deslotzeko estrategiak pentsatzea ez da berria mugimendu feministarentzat, grebak ere ez dira; 2018 eta 2019ko martxoaren 8an egin ziren. Eskarmentuz deitzen dute, beraz, A30eko lanuztera, kasu honetan, pertsona oro. «Feminismoetatik aspalditik diagnostikatu dugu eredu hau ezin dela sostengatu, are gehiago pandemiak utzitako krisiarekin. Orduan, agerian geratu ziren ordura arte beste dimentsio ugari hartu zituzten krisiak», gogoratu zuen Elene Lopetegi Euskal Herriko Bilgune Feministako bozeramaileak, ‘Gu ere greba feminista orokorrera!’ izenarekin Usurbilgo kiroldegian egin zen mahai inguruan.

Doan edo soldatapean, esplotatzen dira emakume zaintzaileak eta, gordinago, andre migrante eta arrazializatuak. Gainera, Mariana Urcuyo Trabajadoras No Domestikadas kolektiboko kideak deitoratu zuenez, «zailtasun ikaragarriak» dituzte antolatzeko. Mehatxua kaleratzea baita, eta betiko mamua, Atzerritartasun Legea. «Lan egunak, askotan, ez dira bukatzen, ez dugu denborarik. Batzuek esaten digute gure iraultza propioa egin behar dugula. Zer denborarekin?», galdetu zuen.

LABeko delegatua ere bada Mariana Urcuyo, eta nabarmendu zuen greba egiteko eskubidea borrokatzeko ere balio duela A30ko zitak. «Ez badaude aitortuta zenbait lan eskubide, behintzat aitor dezatela greba egiteko eskubidea, hortik eragiteko», esan zuen.

Denboraren ertzari heldu zion Maider Baraño EHN*G kolektiboko kideak ere. «Guk zaintza lanak egiten pasatzen dugun denbora gizonek boterea metatzen pasatzen dute, ikasten, formatzen», adierazi zuen.

Mugimendu feministak A30erako espektatiba handiak ditu. Izan ere, «grebaren egunean ez da ezer amaituko», ohar egin zuen Lopetegik. Helburua instituzioekin negoziazioak hasteko bidea irekitzea da, herri itun bat osatzea zaintza sistema aldatzeko.

Bilatzen den iraultza ez da erraza, baina bai argia: denona izan dadila zainduak izateko eskubidea, baita zaintzeko ardura ere.



adierazpenak

«Guk zaintza lanak egiten pasatzen dugun denbora gizonek boterea metatzen pasatzen dute»

Maider BARAÑO

Euskal Herriko Neska* Gazteak

«Ez gara prekarioak, gure baldintzak dira prekarioak. Ez gara zaurgarriak, hala egin gaituzte»

Mariana URCUYO

Trabajadoras no domesticadas; LAB

«Zaintzak erdigunera diogunean, guztion bizitzak sostengatzeko jardunen antolaketaz ari gara»

Elene LOPETEGI

Euskal Herriko Bilgune Feminista