Eneko BARBERENA
Idazlea
JOPUNTUA

Huiatu

Lagun batek beti diost idatzi behar nukeela Urumea kasuaz. Bai, ertzain bikote bat egoera oso bitxian ibaira erori zen Donostian duela bi abenduko gau euritsu batean. Tiroak urpean; hildako bat, kidea shock egoeran. Agintariak mutu. Kasuak guztiz nobeleskoak diren elementuak ditu.

Idazteko modukoa da ere Antiguako komisarian gertatzen dena. Antza, ertzain arteko lapurreta intzidentzia handia dela eta patruila bat jarri dute gizonen aldagela zaintzen. Espero dut, diru publikoa xahutuko denez gero, sinesgaitza den polizia jardunbide horretan, lapurraren -harrapatzen badute- nazionalitate eta filiazio politikoa zabaltzea zazpi haizeetara, beste kasu askotan txapelgorriek egiten duten alegria berarekin.

Kia, ez nituzke txakurrak aipatu behar, ez baitira fidatzekoak, Aitor eta Galderren atxiloketan edota grebalariak jipoitzean enegarrenez erakutsi zuten moduan. Tatuaje faxistak eta ikurrinarekiko gorrotoa; combo galanta eta herrigintzarako zume eskasa. Zerbait egin beharko dugu horiekin, noizbait, ez baitirudi berez konponduko denik kontua. Doakiela bidenabar, despistatu aurretik, besarkada bat ankerkeria gorria jasaten ari diren bi gazte arabarrei.

Ez diot ezer berririk ertzainen miseriak haizatzean. Eta benetan jorratu nahi dudan gaitik desbideratzen naute: aurreko batean lagun bat zoriondu nuen Gasteizko Aiztogile kalea utzi eta auzo bereko beste kale lasaiago batera bizitzera joateagatik. Gerora asko estutu nau nire komentario horrek. Izan ere, zerbait oso gaizki egiten ari gara, gure alde zaharretako hainbat kale bizitzarekin bateraezinak badira, hondakin pilaketa, zarata eta ostalaritzaren monolaborantza arau direlako. Goizetan banatzaileen taifa izanik eta arratsetan gastro-bar aberrazio, norentzat dira kaleok? Bada garaia, beraz, guztion artean topatzeko neurria kale bizi eta lo zilegiari. Garenari eusteko, baina hainbat bizilaguni bizitza jasangarriago eginda. Ekin diezaiogun, gau eta egun entzuten den botila klin-klin-klin hotsak alkohol egarri asegaitzaz gain beste zerbait huiatu aurretik.