EDITORIALA

Kontakizunaren guduaren ardatza inpunitatea da

Duela berrogei urte, Joxean Lasa eta Joxi Zabala errefuxiatu tolosarrak Baionako aparkaleku batera zihoazen, autoa hartzeko asmoz. Hortik aurrera inork ez zituen bizirik ikusi, hil arte torturatu eta desagerrarazi zituzten guardia zibilek izan ezik. Hamabi urte geroago, Busoten (Alacant) ehun kilo kare bizirekin estalita agertu ziren gorpuzkiak identifikatu zituzten. Joxi eta Joxean ziren. Autopsiek erakutsi zuten basatiki torturatu zituztela, beren hilobiak egitera behartu eta tiro bana eman aurretik. Gorpuak Euskal Herrira itzuli zituzten, non Ertzaintzaren Brigada Mugikorrak senide eta lagunak bortizki kolpatu zituen, bai Hondarribiko aireportuan, bai eta Tolosako hilerrian ere. Ondoren, epaiketa egin zen eta arduradun batzuk zigortu zituzten, guardia zibilak, hain zuzen. Frogatu zenez, GAL erakundeak PSOEren Gobernuak sustatutako Estatu politika bati erantzuten zion, baina botere judizialek «terrorismo» gisa izendatzea saihestu zuten. Ondorioz, Estatuak antolatutako indarkeria horren biktimak bigarren mailakoak izango dira eta diskriminazioa jasango dute, gaur arte. Epaiak badaude, egia da, baina kondenak ez dira betetzen. Hain zuzen ere, horretan datza zigorgabetasuna: krimenak ez dira epaitzen, ikertzen ez direlako. Are gehiago, ukatu ere egiten dira, adibidez, torturen kasuan. Kondena saihestu ezin den kasuetan, epaia ez da betetzen, eta kito. Erantzukizun politikorik ere ez da onartzen. Espainiako «terrorismoaren aurkako borroka» astakeriaren eta koldarkeriaren nahasketa perfektua da.

ETAren desagerpenaren ondoren, Espainiako eta Euskal Herriko establishment-ak «kontakizunaren batailan» tematu dira. Ez dira ohartzen alor honetan beren jarrera ahula eta defendaezina dela: era guztietako krimenak egin dituzte, euskal eta espainiar jendarteen izenean; zigorrik gabe atera dira; eta gainera harro azaltzen dira, moralista. Ez dute bakerako borondaterik eta ez dute gerrarako etikarik. Ez dute lotsarik. Lasa eta Zabala kasua terrorismoaren aurkako itunek eta disidentziaren aurkako politikek ahalbidetu duten jokabide zitalaren adibide paradigmatikoa da. Memoria lantzeko garaian, inpunitatea salatzea eta borrokatzea lehentasuna da.