GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Hizkuntza politika, beto antidemokratikoen mende


Beste behin gertatu da. Vox alderdi espainol ultraeskuindarrak bultzatuta, auzitegi batek euskararen mesedetan hartutako neurri bat indarrik gabe utzi du. Kasu honetan, EAEko Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan euskararen erabilera lehenesten duen araua garatzen duen dekretuaren artikulu batzuk. Lege hura dagoeneko mutilatu egin zuen Auzitegi Konstituzionalak, Abascalen helegiteari arrazoia emanez, berriz ere. Euskararen aurkako beste ebazpen judizial hau azken hilabeteetako oldarraldiaren atal berri bat besterik ez da. Beti koska bat estuago. Hau salatze aldera, Kontseiluak azaroaren 4an Bilbon deitu duen manifestaziorako argudioak metatzen ari dira dagoeneko.

Letra txikiari erreparatzea komeni da, ikustearren oldarraldi honek zeren kontra jotzen duen. Adibidez, baliogabetutako 9.2 artikuluak hau zioen: «Hizkuntza-plangintza udal jarduerak euskaraz egin ahal izatea ahalbidetzera bideratuko da. Horretarako, udalerriak euskaraz funtzionatzeko neurriak hartuko dituzte, bereziki euskararen bizi-guneetan». Legez kanpokoa omen da horrelako zerbait egitea, espainieraren erabilera kaltetzen duelako; euskara ez lehenesteak hizkuntza hau kaltetuko ez balu bezala, are gehiago erabateko desoreka testuinguru batean.

Voxen eta estamentu judizial espainolen mundu paraleloan gaztelania arriskuan dago, eta babestu egin behar da. Arazoa ez zen hain larria izango, baldin eta mundu paralelo horrek errealitatea baldintzatzeko gaitasunik ez balu. Baina bere agenda supremazista inposatzeko bideak dituzte, eta erabiltzeko borondate irmoa daukate, ikusi denez. Bidean gehiengo demokratikoak erabakitakoaren kontra jotzea gutxienekoa da beraientzat. Voxek botoen %1,96 eskuratu zuen Gasteizko Legebiltzarreko azken hauteskundeetan, parlamentari bakarra dauka, eta hala ere hizkuntza politika erabat baldintzatu dezake, alde daukan lasterbide judizialaren bidez -hori da, funtsean, Estatu bat hizkuntza baten alde edukitzearen abantaila-. Euskararen etorkizunak ezin du egon gutxiengo antidemokratiko baten beto eskubidearen mende.