GARA Euskal Herriko egunkaria

Prefetari ikastolaren auziaren berri eman diote Beskoitzeko gurasoek

Julien Charles herriko etxalde batean bisitan zelarik, Estatuaren kontratupean dagoen zentroaren garapenari Herriko Etxeak ezartzen dion traba altxatzen lagundu dezan eskatu zioten ikastolako gurasoek. Alkatearekin mintzatzeko engaiamendua hartu zuen agintariak.

Ikastolako gurasoak agurtu zituen prefetak, Beskoitzen. (G. FAUVEAU)

Julien Charles Pirinio Atlantikoen Departamenduaren prefeta Beskoitzera heldu zen atzo goizean, etxalde batean bisita egiteko xedez.

Horren karietara, ikastolako gurasoek elkarretaratze bat antolatu zuten, prefetari galdegiteko frantses Hezkuntza Ministerioarekin kontratupean den Beskoitzeko ikastolaren defentsa har dezan.

Gurasoek azaldu ziotenez, Herriko Etxeak ikastolaren eraikina zabaltzeko baimena ukatu zuen joan den irailean. Tokiko erakundeak, bere «politika diskriminatzailea» ezkutatzeko, argudio teknikoak ematen dituela argitu zioten gurasoek prefetari, «debeku politiko baten aurrean gaudela» agerian jarrita.

Inguruko herrietako hautetsiek euskarazko hezkuntzaren garapena «onura bat bezala» hartzen dutela gaineratu zuten. Beskoitzeko Herriko Etxeak, ordea, «jokabide tamalgarria» agertzen duenez, haien kexa helarazi zioten.

Are, ikastolako haurrek pairatzen dituzten baldintza txarrak bertatik bertara ikusteko, ikastetxera joateko gonbidapena egin zioten prefetari.

Charlesek ikastolako ordezkarien kexak entzun zituen eta auzia bideratzeko bere esku dagoena egingo duela esan zuen. «Herriko Etxearen eskumen bat da eraikitzeko baimena, baina gu saia gaitezke gauzak errazten eta egoera honetatik ateratzen», adierazi zuen Charlesek. Gurasoei hitz eman zien Beskoitzeko auzapeza den Fabienne Ayesarekin harremanetan sartuko dela.

ASPALDIKO GATAZKA

Atzoko protesta dinamika luze batean kokatzen da. Hala, ikastola garatzeko egitasmoak trabaturik jarraitzen zuela salatu zuten Seaskako ordezkariek urriaren 4an, Beskoitzen egin zuten agerraldian. Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak deitoratu zuenez, proposamen bat baino gehiago mahai gainean ezarri badituzte ere, Herriko Etxeak «azken urteetan agerturiko jokabide hertsiari heldu dio».

Duela hamar urte sortu zen ikastola handitzeko planari irtenbidea ematea urgentea dela nabarmenduz, urriaren 20aren aitzin elkarrizketari bide emateko eskaera egin zion Jorajuriak Herriko Etxeari. Irtenbide bat aurkitzeari uko eginez gero, «Beskoitzeko ikastolako gurasoak aitzinean dituzue, eta ez bakarrik, ikastola guztiak gu laguntzera helduko baitira», ohartarazi zien udal agintariei.