GARA Euskal Herriko egunkaria

Gaur hasiko da, 80 herritan, «Haurren aurrean helduok heldu» euskararen erabileran eredu izateko ekimena

Ekimenaren aurkezpena, Donostiako San Telmon. (Iñigo URIZ | FOKU)

Bi helburu nagusirekin jarriko dute martxan gaur “Haurren aurrean helduok heldu” ekimenaren bigarren edizioa. Alde batetik, gurasoen eta zaintzaileen arteko, hau da, helduen arteko hizkuntza portaeretan eragitea eta euskararen erabilera areagotzeko aktibatzea. Bestetik, helduen hizkuntza ohiturek umeengan duten eraginaren kontzientzia piztea, eta, ondorioz, hizkuntzari dagokionez eredugarri izatea. Euskal Herri osoko ia 80 herritan egingo da, tokian tokiko batzorde eta eragileek antolatuta. Euskaltzaleen Topaguneak koordinatu du, “Euskarak 365 egun” lan ildoaren barruan.

Atzo Donostiako San Telmo museoan egin zuten aurkezpenean azaldu zutenez, Euskaraldian sustatzen diren portaerak sozializatzen jarraitzea eta praktiketan txertatzea nahi dute: “Euskaldunok euskaldunokin euskaraz egiten dugu” arau soziala indartzea.

0 eta 12 urte bitarteko umeekin harreman zuzena duten eta hizkuntza transmisioan zein eredugarritasunean eragina duten helduak dira ariketako xede-taldea. Horien arteko hizkuntza praktiketan eragitea da helburua. «Ez gara ari helduek umeei euskaraz hitz egiteari buruz, praktika hau ere bultzatzen dugula esan beharrik ez dagoen arren», argitu zuten.

Gaurtik urriaren 29ra arte izango da martxan, herrietako kaleetan zein etxeetan.