GARA
HERNANI

Errigorak eskaintza berezi batekin ospatuko du 10. urteurrena

Udazkeneroko kanpaina aurkeztu zuen atzo Errigorak. Baina aurten 10. urteurrena du eta saski eskaera egiteko deia Euskal Herri osora zabaldu nahi izan dute. «Garenak, izan garenak eta izan nahi dugun guztiak batu nahi ditugu, hamarkada baten ostean, fase berri bati elkarrekin eta indarberrituta ekiteko. Inoizko beteena izango da», adierazi zuen Natxi Aranburuk, Errigorako presidenteak.

Errigorararen komunitateko hamar lagunek udazkeneko kanpaina bereziari hasiera emateko deialdia gauzatu zuten, Hernanin egindako ekitaldi batean. ‘10 urte bete-bete’ lelopean, urteroko ‘Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka’ kanpainaren 10. edizio berezi bat aurkeztu zuten. Aranburuk «Hamar urtetan bildutako lorpenak eta osatutako komunitatea» nabarmendu zituen. Errigoraren hiru balio nabarmendu zituen: «Zubigintza, ekintza eta ahalduntzea».

Ikastolen Elkartea, AEK, Sortzen eta Agerraldia ekimeneko ordezkari bana, bi ekoizle (Aristu eta Biosasun), Errigoraren kanpainetako bi boluntario, Errigoraren presidentea eta kanpainetako saski eskatzaile batek parte hartu zuten Hernaniko prentsaurrekoan.