Estibaliz EZKERRA
Literatura kritikaria

Heba Zagout

Al Burejj errefuxiatuentzako esparruan jaio zen Heba Zagout. Familiako adinekoen ahotik Nabka aurretik Isdud herrixkan izandako bizimodu eta gertaerak entzunez hazi zen. Txikitatik margotzea gogoko zuen, betiere familiaren historia ardatz hartuta. 2003. urtean diseinu grafikoan diploma eskuratu zuen, eta handik lau urtera Arte Ederretan lizentzia Gazako Al-Aksa unibertsitatean. Graduatu eta berehala, Gazako lehen hezkuntzako eskolan arte irakasle lanean hasi zen.

Zagoutek margoturiko azken koadroetako batean artista bera agertzen da lehen planoan, irribarrez, tatreez izeneko brodatuarekin apainduriko soineko beltz bat eta bufanda zuri bat soinean dituela. Urriaren 3an, Instagramen idatziko zuen azken mezuan, honela azaldu zuen koadroa: «Errefuxiatu hitzaren zamarekin jaio nintzen. Ez dut inoiz jaioterria nire begiekin ikusi, baina izeba Aliak [umeok] elkartu, eta aitonaren lurrez eta laranjondo zelaiez, uztaroaz, eta maitasunez eta bizitzaz beteriko etxeaz mintzo zitzaigun. Herrimina ikus nezakeen izebaren begietan iraganekoak kontatzen zizkigunean, baita itzultzeko mina ere. Hauxe nire koadro berria. 80 cm x 60 cm, akrilikoa mihise gainean. Eskuragarri». Egun horretan bertan, giza eskubideen aldeko erakunde batean lan egiten duen lagun batek erosi zuen Zagouten koadroa. Hamar egun geroago, Israeleko Estatuak abiaturiko aire-erasoak hil zituen Zagout eta bere lau umeetatik bi gazteenak.