GARA
ARRAUNA

Jon Salsamendik Orio utziko du eta bere lekukoa Mikel Arostegik hartuko du

Jon Salsamendi, iaz, Lekeitioko estropadan.
Jon Salsamendi, iaz, Lekeitioko estropadan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Jon Salsamendi arrauneko entrenatzaileak ez du Orion jarraituko. Esker hitzekin esan die agur aurreko bi zuzendaritza taldeei eta orain kargua hartzen duenari, «oso jende gutxik hartuko lukeen erantzukizuna hartzeagatik». Bere lekukoa «Orion eta Oriotik kanpo ibilbide zabala duen» Mikel Arostegik hartuko du.

Urriaren 17an egin zen behin betiko zuzendaritza batzorde berria aurkezteko ezohiko batzarra eta, bertan, bere izenak nolabaiteko lotura izan zezakeela iruditu zitzaionez, Salsamendik bere erabakia irmoa dela konfirmatu nahi izan zuen.

38 urte darama arraunari lotuta, horietatik 27 Orion eta azken zazpi urteak errenkadan mirotzen entrenatzaile gisa. «Momentu zoragarriak bizitzeko emandako aukeragatik, eskerrik asko. Kirol emaitzak albo batera utziz, hainbeste urtetan, hainbeste arraunlarirekin bizitakoa elkarrekin bizitzen uzteagatik, eskerrik asko. Zaleen pozak, tristurak, baina, batez ere, ilusioak elkarbanatzeagatik, eskerrik asko. Konfiantza eman didazuen eta kritikatik hobea izatera bultzatu nauzuenei ere, eskerrik asko».