Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Austerix eta Erderix euskal oasian

Hau bai astea gero! Ohiko dudan legez, aste honetan ere zutabe horizontal honetarako ideiak, edo antzekoak, paper-zatietan idatzi eta biltzen egon naiz, gero teklatuaren aurrean nagoela ideion uberan joateko nire harria zorrozten. Oraingoan hain da zabala paper-uzta, non ez dakidan nondik abiatu ere; egia esan, nora heltzeak ez dit inoiz ardura eman… zutabe honetan. Total, Gaza-mina sentitzen dut, eta ezintasuna urruntasun honetan. Gaza-eskubideak dira gaur-gaurkoz giza eskubideak. Euskal lurraldeetako harrobietako harriak eskainiko nizkieke gazatarrei intifadetarako lehengai, zorroztu ditzaten. Badakit burua hotz behar dugula, han, hor eta hemen ere hotz, denboraren perspektibaz atzera bueltarik ez duten bideak ibiltzeko. Beroak ez du laguntzen, are gutxiago berotze globalak. Halere, odolak su gabe diraki…

Etxera bueltan odolak bere horretan. Lakuako oasi transgenikoan zerbitzu publikoen anorexizazioa ikusgai eta austeritate publikoa bide; errealismoa dio Austerixek. Bai zera! Errealista izateko erradikala izan behar; hori bai, denboraren perspektiba galdu barik, eta burua hotz, bihotzaren tenperatura dena dela ere. Hortaz, sindikatuen deia grebarako, gure baliabideekin pertsonen bizi-baldintzak hobetu ahal izateko. Hobelix Austerixen kontra, halabeharrez.

Ez, ez dira garai onenak euskaldunon osasunerako. Are gehiago, jakinda euskara dela gure gorputzaren alderik erabiliena, alde handiz; euskaldunon lehengaia. Eta horra hor Erderix, Epailix, Aeredurix eta Enparaurix, nork bere aretotik, euskararen iraunkortasuna erdaratik baldintzatzeko oldartuz. Oasia gero Lakuakoa, horko lehengaia den ura togadunen harea larrien esku uzten duena! Kosta ahala kosta, barnealdean ere, euskarak gure edabe magikoa izaten segituko du. Kalea seinale!