GARA Euskal Herriko egunkaria
GAURKOA

EAJ-PSE: hezkuntza ez da jolasa!


Bi urte dira Gasteizko Parlamentuko alderdi gehienek Euskal Autonomia Erkidegorako Hezkuntza Lege berrirako akordioa sinatu zutela. Testuinguru horretan, behin eta berriro aipatu izan da euskal hezkuntza sistemak erronka nagusien artean badituela bi azpimarratuko nituzkeenak: ikasleak euskalduntzea eta segregazioari aurre egitea. Euskalduntzeari dagokionez, egungo hizkuntza-ereduak agortuta daudela agerian geratu da. Izan ere, azken datuek diote D ereduak ere ikasle asko eta asko ez dituela euskalduntzen. Egoera hau abiapuntu izanda, zenbait helburu zehatz finkatu ziren akordioan, hala nola oinarrizko ikasketak amaitzerakoan ikasleek B2 maila eskuratzea.

Pasa dira 24 hilabete eta azken minutuan hor datoz, nor eta Gobernuan dauden bi alderdiak, dena nahasten eta akordioaren funtsa hankaz gora botatzen. Jarrera aski kezkagarria, adierazten duten arduragabekeriagatik, eta etsigarria, sortzen duten nahasmenagatik. Amorrua ematen du, akordioa egin ondoren, azken momentuan hain garrantzitsua izan daitekeen zuzenketarekin etortzea. Eta, gainera, aldi berean alderdi bakoitzak modu lotsagarrian bere interpretazio propioa eta kontrajarria eginez. Eneko Andueza esanez hizkuntza ereduak dauden bezala mantenduko direla, eta, bestetik, Jokin Bildarratz, ereduak desagertuko direla adieraziz.

Gainera, Legearen hitzaurrean egungo hezkuntza-ereduak mantenduko direla adieraztea eta ondoren, laugarren tituluan, oinarrizko ikasketak amaitzean ikasleei B2 maila eskatuko zaiela adieraztea guztiz kontrajarria da. Nola erdietsiko dute ikasleek dagokien euskara maila, horretarako balio ez dieten tresnak eskaintzen bazaizkie? Hori iruzurra da.

Bestetik, ez da serioa. Hezkuntza gaiak eztabaida sutsuak sortzen ditu, oso gai sentibera da, gizartean pasio eta emozio askorekin bizi dena, Euskal Herrian bederen. Ondorioz, herritarrentzat eztabaida modu egokian eta ulergarrian eramatea oso garrantzitsua da. Biziki lagungarria, gauzak patxadaz eta pedagogiarekin egitea. Alderdietako arduradunek hori kontuan izan beharko lukete, ezta? Kasu honetan, gizartean nahasmena eta ezinegona areagotuz, EAJ-PSEko ordezkariek hezkuntza jostailu gisara erabiltzen dute.

Anduezak badaki oso ongi, orain arteko hizkuntza-ereduak agorturik daudela. Badaki eredu horiek mantenduz ezin dela gure gazteria euskaldundu. Jakin badaki, A zein B ereduek ez dutela euskararen ezagutza bermatzen. Orduan, zertan ari da? Hezkuntzan ez badiegu gazte guztiei euskara menperatzeko aukera ematen, euskararen ‘ofizialkidetasuna’ hitz hutsala izatera mugatzen da. Euskara eskubide subjektiboa da, baina aldi berean komunitarioa. Ezin dira euskaldunon eskubideak errespetatu, hizkuntzaren dimentsio komunitarioa onartu eta gauzatzen ez bada. Euskararen ezagutza zeregin kolektiboa da eta, beraz, hori bermatu behar du administrazioak. Haurren gurasoak ere ez dira nor eskubide kolektibo horri uko egiteko. A eredua defendatuz, Anduezak irri egiten dio ofizialkidetasunari.

Frankismo garaian ere bi komunitateen teoria defendatu zuen Alderdi Sozialistak: euskaldunena eta erdaldunena. Zorionez, herritarrok ikuspegi atzerakoi eta interesatua gainditu, eta kohesioaren eta inklusioaren alde dihardugu lanean aspalditik. Baina badirudi PSN edo PSE aurkako bidean ari direla. Nola ulertu bestela hizkuntza-zonifikazio eskandalagarria mantentzea? Eta orain, EAEn A eredua betikotuz, gizarte zatitua eta ghettizatua indartu nahi dute. Boto batzuen truke hainbesteko giza sarraskia bultzatzea ezin da justifikatu.

Eta EAJ, zertan ari da? Bi urtean bestelako jarrera defendatu ondoren, azken orduan jukutria hori egiteak zer esan nahi du? Ez du ez hanka ez bururik. Gure herri izaerarako hain garrantzitsua den gai batean PSEren betoa onartzea makurkeria itzela da. Ajuriaeneko Itunaren garaian gutxienez azalpena eduki zezakeen, baina gaur egun Gasteizko Parlamentuan EH Bildurekin gehiengo oso zabala lortu dezakeenean, nola ulertu horrelako makurkeria? Ez du adierazten EAJren barruan agintzen duen sektoreak euskararen normalizazioaren alde esfortzurik egiteko prest ez dagoela? Oso larria da euskararen aurkako erasoa hau bultzatzea.

Bistan da EAJko kide guztiak ez direla iritzi berekoak. Baina egia dena da alderdi bezala sinatu duten zuzenketa atzerapauso nabarmena dela. Eta zentzu honetan oso argigarria da Urkulluk Hezkuntza Saileko kontseilaria babesik gabe utziz erakutsi digun ahulezia nabarmena. Jakin beharko lukete boterean egoteko edozer gauzak ez duela balio. PSEren betoa ez da onargarria. Ez du ezertarako balio Espainiako Kongresuan euskararen erabilera onartzea, gure haur eta gaztetxo askori ikasteko eskubidea praktikan ukatzen bazaie.

Hezkuntza Legeak ez dakit aurrera egingo duen, baina horren erantzukizuna ez dago EH Bilduren gain, PSE-EAJren eskuetan baizik. Egon ziur gure aldetik ahalegin guztia egingo dugula. Baina garbi izan, atzera begira jartzeko ez dugu lege berririk behar ez Hezkuntzan eta ez Osasungintzan. Aurrera jotzeko tresna berriak eta batez ere agintarien jarrera ausarta eta eraikitzailea da egoerak eskatzen diguna.