GARA
GASTEIZ

Atzerapena Osakidetzako LEPeko probetan, akats tekniko baten ondorioz

Gasteizen asteburuan egin dituzten Osakidetzako lan eskaintza publikoko kategoria bateko probak atzerapenarekin hasi zituzten igandean, akats tekniko baten ondorioz. Azterketak gaizki inprimatuta zeudela-eta, ordu eta erdi beranduago hasi zuten azterketa eta ondorengo proba praktikoa ere ordubeteko atzerapenarekin egin zuten.

2018an Barakaldoko BECen egindako LEPa.
2018an Barakaldoko BECen egindako LEPa. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

«Akats tekniko» baten ondorioz, igandean Gasteizen Osakidetzako Enplegu Publikoko Eskaintzako kategoria bateko proben hasiera atzeratu egin behar izan zuten. Osasun zerbitzuak eta Lakuako Osasun Sailak jakitera eman zutenez, akatsa egon zen Administrazio eta Kudeaketako Goi-mailako Teknikari posturako azterketa inprimatzean eta kategoria horretako epaimahaiak okerra zuzentzea erabaki zuen; horrek proba atzeratu beharra eragin zuen.

1.601 hautagai aurkeztu ziren azterketa horretara eta aipatutako arazo teknikoaren ondorioz, aurreikusita zegoen ordua baino ordu eta erdi beranduago hasi zuten proba teorikoa. Halaber, lehen proba hau beranduago hasi izanak haren ostean egin behar zuten azterketa praktikoa ere atzeratu zuen ordubetez eta 14.30ean egin zuten.

Lakuako Osasun Sailak eta Osakidetzak atsekabea agertu zuten arazo teknikoak eragindako atzerapenagatik eta, halaber, gogora ekarri zuten probetako epaimahaia «subiranoa» dela «azterketak berme guztiekin egiten direla bermatzeko hartu beharreko erabakiei dagokienez», eta, beraz, hartutako erabakia errespetatu behar dela, badutelako horretarako eskumena.

Joan den asteburuan jarraitu zuten 2020-21-22ko Egonkortze Lan Eskaintza Publikoko hautaketa probek. Aurtengo udan hasi zituzten eta orain egin berri dituztenetara beste 2.666 pertsona aurkeztu dira, zazpi kategoriatan, plaza bat eskuratzeko asmoz.

Iragan asteburuko azterketen ondoren, beste 37 kategoriatako deialdiak etorriko dira.

Probak EHUren Arabako campuseko Elurreta eraikinean egin zituzten larunbatetik igandera bitartean.

UDAN HASI ETA AZAROAREN BUKAERARA ARTE

Joan den asteburuan hautagai gehien izan zituzten lanbide-kategoriak honakoak izan ziren: Administrazioko eta Kudeaketako Goi-mailako Teknikari kategoriarako 1.601 hautagai aurkeztu ziren; Digestio-aparatuko FEM kategoriarako, 658 hautagai; eta Abokatu kategoriarako, 151 hautagai.

Asteburu honetan eta azaro osoan zehar jarraituko dute udan hasi zituzten 2020-21-22ko Egonkortze Lan Eskaintza Publikoko hautaketa probek. Prozesu honen amaierako azterketak datorren hilaren 25ean izango dira, eta horrekin, LEP honetako probak bukatuko dituzte.