GARA Euskal Herriko egunkaria

Ane, Laia, June, Markel, Martin eta Julen dira izen ohikoenak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan jaiotzen diren haurren artean

Ane eta Markel dira EAEn gehien jarritako izenak. (EUROPA PRESS)

Azken hiru urteetan Ane, Laia, June, Markel, Martin eta Julen izan dira jaioberriei jarritako izen ohikoenak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, Eustat estatistika institutuak emandako datuen arabera.

Datuak hirurtekoen arabera hartuta, 1996tik Ane da nesken izenen artean gurasoek gehien aukeratu dutena. Bigarren eta hirugarren postuetan Laia eta June daude eta, ondoren, Nahia, Malen eta Maddi.

Mutilentzako izenik gogokoena Markel da, eta, ondoren, Martin eta Julen. Horien atzetik, erabilienak Oihan, Jon eta Aimar dira.

2020-2022 aldirako 25 izen nagusien taldean bi berri sartu dira: nesken izenen artean, Lea eta Libe; Maialen eta Paula, aldiz, atera egin dira 2018-2020 aldiko zerrendarekin alderatuta. Mutilen izenei dagokienez, Ekhi, Telmo, Leo eta Adei sartu dira taldean, Eneko, Hugo, Ekain eta Aner alde batera utzita.

Euskal izenak dira nagusi, eta batzuk grafia ezberdinekin erregistratzen dira: Ane-Anne, June-Yune-Iune, Leire-Leyre, Jon-Ion eta Aritz-Haritz, besteak beste.

AMEN NAZIONALITATEA

Amen nazionalitatea kontuan hartuz gero, espainolaz bestelako nazionalitatea dutenek -urte horretako jaiotza guztien %28,5- ere izen euskaldunak aukeratu zituzten gehienbat, baina ordena orokorrarekiko ezberdintasunekin.

Neskatoen kasuan, bost izen gogokoenen artean bi euskal izen daude: Alaia (arabieraz ere esanahia duena) eta Nahia bigarren eta bosgarren postuetan, hurrenez hurren. Nahiz eta zerrendan lehena Sofia den, greziar jatorrikoa, hirugarren postuan Sara dago, hebrear jatorrikoa, eta laugarrenean Amira, arabiarra.

Mutilentzakoen artean Julen hirugarren postuan dago, lehenengoan Adam, izen hebrearra, bigarrenean Mohamed, arabiarra, laugarrenean Mateo eta bosgarrenean Amir.

Bestalde, Leire, Maria eta Nerea dira amen izen ohikoenak, eta Mikel, Jon eta David aitenak.