GARA Euskal Herriko egunkaria

Huntza, Arkada Social, Dupla, Liher eta Ibil Bedi, beste askoren artean, Hatortxu Rocken

Hatortxu Rock jaialdiak osatu du aurtengo programa. Aurrez iragarritako taldeei -Auxili, Los Chikos del Maiz, Burutik, Los Zopilotes Txirriaos, DJ Reimy eta Skabidean- beste hainbat izen gehitu zaizkie: Huntza, Tropa Do Carallo, Dupla, Liher, Stay Homas, Streetwise, Burutik, Baizera, Etxepe, Arkada Social, Ibil Bedi, eta DJ Trapella.

Elkartasunaren beroa sentitzen da urtez urte Hatortxu Rock jaialdian. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Abenduaren 16an egingo da Hatortxu Rock, Atarrabian. 28. ediziora iritsi da jaialdia. Kartela osatua du dagoeneko. Huntza, Tropa Do Carallo, Dupla, Liher, Stay Homas, Streetwise, Burutik, Baizera, Etxepe, Arkada Social, Ibil Bedi eta DJ Trapella gehitu zaizkie lehendik iragarrita zeuden taldeei. Auxili, Los Chikos del Maiz, Burutik, Los Zopilotes Txirriaos, DJ Reimy eta Skabidean ziren lehen konfirmatuta zeuden izenak. Guztira, 17 talde.

24 urte pasatu dira Hatortxu Rock elkartasun jaialdiaren lehenengo edizioa antolatu zutenetik. «Ordutik, milaka kilometro egin ditugu errepideetan, eta bidean uzi ditugu istripuak, hildakoak, Espainiako eta Frantziako estatuetako espetxeak, bidesariak, mapak, nabigatzaileak, zerbitzuguneak...», adierazi zuten atzo sustatzaileek.

«Milaka herritarren konpromisoa eta elkartasuna ere badira bide luze horren parte. Horri esker iritsi gara, hainbeste urte eta gero, dispertsio politika krudelaren amaieraraino. Lan nekaezin horri esker heldu gara hainbeste desiratutako amaiera horretara», esan zuten. «Orain, ordea, amaiera berri bat dugu jomugan. Erronka berriak ditugu, etxera bidean jartzeko. Horregatik egingo dugu Hatortxu Rock-en edizio berri bat, abenduaren 16an Atarrabian, euskal errepresaliatu politikoekiko eta hauen senideekiko elkartasuna biltzeko», jarraitu zuten.

Talde batzuen kasuan tarte baterako azken kontzertua izango da Hatortxu Rock-ekoa. Liherrek, adibidez, «etenaldi luze bat» iragarri du, eta horren aurretik egingo duten birako azken kontzertuetako bat izango da Atarrabiakoa, Nafarroako azkena. Huntzarentzat Bilboko Miribillako agur-kontzertuaren aurreko azken kontzertua izango da Hatortxukoa. Skabideanek ere azkenengo aldiz joko du, datorren urte amaieran atera asmo duten diskoa prestatzeari ekin aurretik.

Sarrerak www.hatortxurock.eus webgunean eros daitezke, 25 euroan.