GARA Euskal Herriko egunkaria

Tokiko proiektuak burujabetzarako bidean

«Burujabetzak» izenburupean egindako jardunaldiak burujabetza arloaz hausnartzeko parada eskaini zuen joan den astean, Hernanin. Udalgintzatik eta herrigintzatik bultzatutako proiektuak aurkeztu zituzten, eta etorkizuneko erronkei begira jarri ziren, tokian tokitik, baina Euskal Herri osoko perspektiban.

Euskal Herriko proiektu ezberdinak izan zituzten hizpide; ertz ezberdinetatik burujabetzari begiratu diote. (HERNANIKO UDALA)

Hiru egunez borborka egon zen Hernani, Euskal Herriko hamaika proiektuk eta aditu zein arituk bisitatu baizuten «Burujabetzak» jardunaldia, Hernaniko Udalak Udalbiltzarekin batera antolatutako topaketa. Burujabetzen inguruan hausnartzea izan zen helburu nagusia, eta horretarako herri mugimenduen eta udalgintzaren lana nola uztartu izan zuten hizketagai.

Lankidetza publiko-komunitarioek duten garrantzia azpimarratu zuten hiru egunez, eta tokian tokiko alternatibetatik abiatu eta Euskal Herri burujabe bat eraikitzeko eman beharreko pausoen inguruan hausnartu zuten. Elikadura, energia, zaintza, etxebizitza… egungo gizartean ezinbestekoak diren gaien inguruan jardun zuten.

Pentsatzea, baina, ez da aski izaten. Eta, horregatik, jada martxan dauden proiektuek ere hartu zuten lur Hernaniko Kulturarteko plaza feministan. Sarritan herrikideen ereduetatik bururatzen direlako norberaren herrira egokitu daitezkeen proiektuetarako ideiak.

Ehundu Bergarako proiektua; Euskal Herria Burujabe, Bizik Ipar Euskal Herrian sorturiko dinamika; Aiaraldea Ekintzen Faktoria eta Hernaniko Bidea Elkartea aurkeztu zituzten; lau eredu, lau ekiteko modu.

ELIKADURA ETA ENERGIA

Ander Zangitu bergararrak azaldu zuen zer den Ehundu, eta eraldaketa sozialerako egitasmo gisa sortu zutela kontatu zuen: «Herri ekimen bezala sortu bazen ere, lankidetza publiko-komunitarioan dihardugu, eragileek, herritarrek eta udal ordezkariek batera lan egiten dugu».

Kontatu zuen pandemiaren ondotik herritarren aktibazio bat sumatu zutela eta momentuko erantzunak erantzun iraunkor bilakatzeko asmoak elkartu zituela: «Lau faktore garrantzitsu zeuden: herritarren beharrak, udalaren borondate politikoa, elkarlanerako sortu ziren hitzarmenak, eta pertsonak; batez ere, lanerako pertsonak».

Osatutako elikadura-mahaian jarri zuen arreta: «Beste arloetan sortu ditugun proiektuekin ere berdina da prozedura; lehendabizi beharrak identifikatu, ondoren egitura komunitarioak sortu eta azkenik elkarlanerako markoa eraiki, izan daiteke mahai bat, izan daiteke proiektu bat... arlo bakoitzean behar denaren baitan». Elikadura arloan hiru lan ildo dituzte: ekoizleen belaunaldi erreleboa, azoka eraberritzea eta ikastetxeen zein eragileen sentsibilizazioan eragitea.

Baionan urri hasieran antolatu zuten “Euskal Herria burujabe” ekimena, eta bertako David Lannesek eman zuen nondik norakoen berri. Hasteko, azaldu zuen Bizi bezalako talde ekologista bat, aurrez abertzale gisa ez definitua, zerk eraman zuen burujabetzaren aldeko hautua egitera: «Bizi baldintzak defendatzeko eta berreskuratzeko burujabetza behar genuela hausnartu genuen». Eta horrela, gainera, borroka guztiei «koherentzia» bat ematen ziotela azaldu zuen.

Bizi-n lanean abiatu zirenean, Laborantza Ganbera oraindik sortzen ari zela azaldu zuen eta azken urteetan aldaketa insituzional handiak gertatu direla Ipar Euskal Herrian: «Orain instituzio eta tresna berriak ditugu, eta horrek erronka berriak ekarri ditu».

Energia arloan duten erronka nabarmendu zuen. «Oreka energetikoa» dute helburu; hau da, produzitzen eta kontsumitzen duten energia kopurua bera izatea. Eta produzitu beharreko energia horren ekoizpena «lurralde proiektuan» lekutua izatea.

TRANSBERTSALITATEA OINARRI

Euskararen komunitatea ahaldundu eta eraldatzeko helburuarekin sortu zen Aiaraldeko Ekintzen Faktoria. Azken urteetan, ordea, komunikabide bat izatetik, egoitza fisiko bat duen eta herritarren bizitzak euskaraz eta euskaratik eraldatu nahi dituen proiektua da.

Beren buruari galdera bat egin ziotela aitortu zuen Gartzen Garaiok: «Ondorengo belaunaldiek zergatik helduko diote euskarari?», eta galdera horri erantzun nahian hausnartu zuten balio identitarioetatik harago funtzio eraldatzailea eman behar ziotela euskarari eta «mundu berri batean ondo bizitzeko» ateak zabaldu behar zizkiela hurrengo belaunaldiei.

Egun, komunikazioan, elikaduran, hezkuntzan, feminismoan zein kulturan eragiteko egoitza sozial propioa dute Laudion, baina etengabe erronka berriei begira daude, eta 2021az geroztik pilatu dituzten bizipenekin hainbat irakaspen eta eztabaida dituzte mahai gainean: Egoitza Laudion izatea da bat, beraien eskaintza leku bakarrera mugatzea kezka dute; bigarrena, langile kopurua handitu eta boluntario kopurua ahultzearen sintoma; eta hirugarrena, eskaintza euskara hutsezkoa izateak klase jakin bateko pertsona zuriei zuzendutako eskaintza izatea ekarri duela.

Etxean ari zen Aines del Valle hernaniarrak azaldu zuen zeintzuk diren Bidea Elkartearen helburuak eta erronkak. Hernani Burujabe udalak bultzatutako proiektu gisa sortu zen eta proiektuari «herri bultzada, atxikimendua eta narratiba bat» emateko sortu zuten elkartea, herritarren parte hartzea bermatzeko eta indartzeko asmoz Hernani Burujabe dinamikaren barruan.

Hiru erpin dituztela azaldu zuen, instituzioarena (udala), ekonomikoa, eta herritarrarena. Hernaniri eta bertako herritarren beharrei ikuspegi transbertsal batetik begiratzea dute helburu, eta jada martxan dauden hamaika proiekturi herri bultzada eta laguntza ematen diete. Elikaduran eta etxebizitzan emandako aurrerapausoak aipatu zituen.