GARA Euskal Herriko egunkaria

Euskal ikus-entzunezkoen arloa indartzeko akordioa sinatu dute Gasteizko Legebiltzarrean

EITBk abiatu berri duen Primeran plataformaren baliospen baikorra egin dute Gasteizko Legebiltzarrean eta euskal ikus-entzunezkoen arloa indartzeko eta egituratzeko akordioa erdietsi dute. EAJ, PSE, EH Bildu eta Elkarrekin Podemosek izenpetu dute akordioa.

Gasteizko Legebiltzarreko irudi orokorra. (Endika PORTILLO | FOKU)

Euskal ikus-entzunezkoen arloa indartzeko eta egituratzeko beharra nabarmen azpimarratzen ari dira azkenaldian sektoreko profesionalak. Bide horretan urrats berriak egiteko akordioa izenpetu zuten atzo Gasteizko Legebiltzarrean. Akordioak EAJ, PSE, EH Bildu eta Elkarrekin Podemosen sinadura darama, eta Jaurlaritzari eta EITBri zenbait eskaera egiten dizkiote.

Lehenik eta behin, EITBk Primeran streaming plataforma martxan jarri izanari balioa eman diote. Haien hitzetan, plataforma hau akuilu izan daiteke euskarazko eta euskal ikus-entzunezko edukietarako irismena errazteko eta ingurune digitalean euskarak duen presentzia handitzeko. Era berean, «euskarazko ikus-entzunezkoen arloan zabaltzen duen aro berriak euskararen biziberritzeari lagunduko» diola uste dute.

Akordioa izenpetu duten taldeek ikus-entzunezkoen arloa indartzeko urrats berriak egin ditzala ere eskatzen diote Jaurlaritzari, baita sistema bezala funtzionatzeko eta egituratzeko dauden aukera ezberdinak aztertu eta garatu ditzala ere, «sorkuntzan, ekoizpenean eta hedapenean ditugun baliabide guztiak elkarreraginean jarriz».

Sektorearen biziberritzean eragin dezala ere eskatu diote Jaurlaritzari. Zehazki, sorkuntza eta ekoizpen independenteetarako «laguntzak eta tresnak» garatu ditzala galdegiten diote, horiei bideratutako inbertsioak handituz eta hobekuntzak txertatzen jarraituz, «urteroko euskal sorkuntza eta ekoizpena aberasten joan dadin».

Azkenik, EITBri espresuki zuzenduta, bere zerbitzuen doakotasuna bermatu dezala eskatzen dute, «eta bere kanal eta euskarrietan lan zinematografiko nabarmenak, lehen mailako fikziozko lanak, dokumentalak eta gaurkotasunezko animazioko lanak eskaini ditzala».

EUSKARAREN BIZIBERRITZEAN URRATSA

EH Bilduko legebiltzarkide Jasone Agirrek, Primeran plataformaren sorrera ontzat emanez, ikus-entzunezko sektorea indartzeko «akuilu ederra» izan daitekeela adierazi zuen, eta alor honetan dauden gabezien erakuslea izan daitekeela ere ohar egin zuen: «Jaurlaritzak erabaki behar du zer nahiago duen. Guk argi dugu: aukera hau baliatu behar dugu Primeran izan dadin akuilu eder hori, plataforma horrek aro berri bat zabal dezakeelako, besteak beste, gazteak erakarri eta fidelizatzeko eta euskarazko edukiak ahalik eta euskarri gehienetan zabaltzeko».

Akordio berri honek «euskararen biziberritzeari, normalizazioari lagunduko dio, euskarazko ikus-entzunezkoen arloan aro berri bat zabaltzen ari den honetan», EH Bilduko legebiltzarkidearen aburuz.

Euskarazko ikus-entzunezkoak bultzatzeko akordio hau iritsi den testuinguruari ere erreparatu zion Agirrek. Haren hitzetan, «askatasunak kolokan dauden honetan, euskararen aurkako oldarraldi bete-betean gaudenean, legea betearazteaz gain, euskarazko ikus-entzunezkoak sortuz eta kontsumituz aurre egin beharko diogu egoera horri, zeren faxismoari euskarazko edukiak ikusten eta entzuten ere aurre egiten baitzaio. Horrenbestez, herri bezala biziraun nahi badugu, euskarazko ikus-entzunezko sektore indartsua behar dugu, eta ezinbestekoa da arlo horretan apustu sendoagoa egitea, nazio bat gara eta».