29 OCT. 2023 INFERNUA GAZAN Palestinarren erresistentziarako eskubidea aldarrikatu dute Bilbon Jendetza handia bildu zen Bilbon, Palestinarrei babesa eta elkartasuna adierazteko. Jende askok afixak, pankartak eta Palestinako ikurrak eraman zituen. (Aritz LOIOLA | FOKU) GARA BILBO Israelek eragindako sarraskia egunetik egunera handitzen ari den bezala, Palestinarekiko elkartasuna eta babesa zabaltzen eta hedatzen ari dira mundu osoan eta Euskal Herrian. Horren adibide da Bilbon atzo arratsaldean bildutako jendetza, Palestinar herriak «forma eta adierazpen guztietan» duen erresistentziarako eskubidea aldarrikatzeko. Milaka lagunek Bizkaiko hiriburuko Kale Nagusia hartu zuten, Palestinarekin Elkartasuna ekimenak deitutako manifestazioan parte hartzeko. Polizia mordoa inguruan zutela, Palestinaren aldeko eta Israelen aurkako oihuak etengabeak izan ziren ibilbide osoan, eta lagun askok pankartak eta afixak eraman zituzten. Antolatzaileek mobilizazioaren aurkezpenean adierazi zutenez, «herri baten autodefentsa-erresistentzia ezin da kriminalizatu edo parekatu erakunde militar kolonial inperialista batekin». Eta nabarmendu zuten: «Ez gaude ‘Hamasen aurkako gerra’ baten aurrean, herri baten genozidioaren eta elkartasun adierazpenen jazarpen eta errepresioaren aurrean baizik». JAUZI KUALITATIBOA ETA KUANTITATIBOA Manifestazioa hasi berritan, Palestinarekin Elkartasuna ekimenaren izenean Esther Muñozek gogora ekarri zuen Palestinar herriak hamarkadak daramatzala erresistitzen, eta erresistentziarako eskubidea duela «zapaldutako edozein herrik bezala». Hain zuzen, egunotan gertatzen ari dena «Estatu sionistaren 75 urteko kolonialismo, apartheid eta garbiketa etnikoaren eta Gazako Zerrendaren aurkako blokeoaren testuinguruan soilik» uler daitekeela azaldu zuten antolatzaileek. Bilboko mobilizazioaren bidez «baldintzarik gabeko» elkartasuna helarazi nahi izan zioten Palestinar herriari, are gehiago, Muñozek hedabideen aurrean aipatu zuenaren arabera, Israel haren kontra «burutzen ari den garbiketa etnikoak eta genozidioak jauzi kualitatiboa eta kuantitatiboa bizi duenean». Egoera Gazan bereziki latza izanda ere, Israel Zisjordanian egiten ari den krimenak ere gogora ekarri zituen Muñozek. LONDRESPalestinaren aldeko mobilizazioak ugariak izaten ari dira mundu osoan, baina atzo bereziki ikusgarria izan zen Londresen egindakoa, mila eta milaka lagun bildu baitzituen.