Urtzi URRUTIKOETXEA
AEB-KO BEHE GANBERAKO PRESIDENTE BERRIA

«MAGA Mike»-ren ordua da

Mike Johnson Louisianako ordezkaria bihurtu da AEBko Ordezkarien Ganberako 56. presidente edo «speaker»-a. Ezezagun samarra den eskuin muturreko diputatua da, izaera grisekoa eta itxuraz anbiziorik gabea, Trumpen jarraitzaile amorratua. Presidente eta presidenteordearen atzetik, aginte mailan hirugarren postua lortu du, eta berak ziurtatuko ditu hurrengo hauteskundeetako botoak.

(Olivier DOULIERY | AFP)

Kargu garrantzitsu horretara iritsi den beste edozeinek baino denbora gutxiago darama Ganberan, 2016an hautatu baitzuten lehen aldiz, eta zazpi urteotan ez da askorik nabarmendu, ez behintzat etengabe atentzioa behar izan duten beste ordezkari batzuekin alderatuz gero.

Izaera gris eta itxuraz anbiziorik gabeko horri esker lortu du ziur aski alderdi errepublikanoen kontsentsuzko hautagai eta, asteazkenetik, hautatu bihurtzea. Aurreko lau hautagaiek porrot egin zuten lekuan beharrezko babesa lortu du, 217 boto behar zituen eta Ganberan ziren errepublikano guztiek, 220k, Johnsonen alde bozkatu dute.

ALDERDI ERREPUBLIKANOAREN MISERIA

guztiak agerian utziz, bidean, urria joan da. Asteotan erakutsitako itxura kaotikoan behin baino gehiagotan geratu dira mundu guztiaren aurrean barregarri. Hilaren 1ean, azken uneko eta behin-behineko akordioak Gobernuaren itxiera saihestu zuen, sei asterako gutxienez. Itxialdien ondorioak oso larriak izan ohi dira; milioika langile federal ordaintzeko dirurik gabe dago exekutiboa, etxera doaz asko, eta herrialdearen oinarrizko funtzioetako zenbait etenda edo erabat baldintzatuta geratzen dira.

Baina Alderdi Errepublikanoa sartua den barnera begirako kiribil suntsikorrean, bost axola horrek guztiak. Hala, akordioa sei asterako izanda ere, Kevin McCarthyrenak egin zuen. Matt Gaetz buru zeukan matxino talde ultrak hura kargugabetzea lortu zuen hurrengo astean, AEBko historian lehen aldiz. Ordutik, errepublikanoen barne-bozketak mutur horietatik urrundutako eta joko parlamentarioan eskarmentu handiagoa daukaten hautagaiek irabazi dituzte (Steve Scalisek lehendabizi, Tom Emmerrek bigarren txandan), baina benetako botoa eman baino lehen erretiratu behar izan dituzte hautagaitzak. Atzean, askorik ezkutatu gabe, Donald Trumpen figura dagoelako, eta, noski, presidente ohiaren adierazpen kritiko bat, eta zureak egin du.

Hala, Scaliseren aurka galtzaile ateratako Jim Jordan Ohioko diputatuak, AEBko behe-ganberako ordezkarietan estremistetakoenak -«terrorista legislatibo» deitu zion John Boehner Ganberako speaker errepublikanoak 2013an, Obamaren Gobernuaren itxialdirako egindako joko zikinagatik), txanda eskatu zuen. Hobe esanda, aldarrikatu egin zuen; errepublikano gehienek nahi ez zutela jakinda ere, hartara behartzeko gai izango zela sinetsita. Trumpen inguruko muturreko sektoreak presio egiten hasi ziren errepublikano moderatuenei; haietako batzuek familiaren aurkako mehatxu fisikoak ere salatu dituzte egunotan. Presioak presio, Jordanek jipoia hartu zuen bozketa bakoitzean, gutxiengo demokratako hautagai Hakeem Jeffries baino boto gutxiago lortuz.

Ganberako kideek AEBko barruti zehatzak ordezkatzen dituzte. Batzuetan, nabarmen urdin (demokrata) edo gorri (errepublikano) direnak, baina beste batzuetan lehia estuagoa da; gune horietako ordezkariek badakite trumpzale ahoberoen alde eginez gero, behin eta berriz gogoraraziko dietela boto-emaileei datozen hilabeteetan, eta litekeena dela 2024ko bozetan aulkia galtzea.

HORRELA IRITSI GARA

Mike Johnsonenganaino. Nabarmentzen ez den Louisianako gizon zuria da, txukun jantzi ohi da; hortik aurrera, Trumpekiko erabat leiala den kristau integrista dago, abortua AEBen osotasunean debekatzearen aldekoa eta sexu bereko bikoteen ezkontzaren aurkakoa. «Mutiko aurpegiak eta itxura leunak estremismo kristau-faxista ezkutatzen du», idatzi du Aaron Rupar kazetariak. «McCarthy ez da moderatua, baina argi izan: bere ordezkoa askoz muturrerago dago. Johnsonek ez zuen soilik 2020ko bozketa baliogabetzea bozkatu, urtarrilaren 6aren aurreko asteetan Auzitegi Gorenak Trumpen alde egin zezan limurtzen saiatu zen taldeko burua izan zen». Ez da harritzekoa Trumpek berak babestu izana. Ezta haren MAGA (Make America Great Again, Trumpen leloa) jarraitzaileen poza ere. Matt Gaetzek argi esan zuen Steve Bannonen irratsaioan: «Kevin McCarthyrengandik MAGA Mikerengana igarotzeak mugimendu hau gorantz doala eta alderdi errepublikanoaren boterea benetan non dagoen» adierazten du.

Jim Jordanen aurka bozkatu zuten ustezko errepublikano moderatuek itxura txukunagoko baina hura bezain estremista den ordezkariaren alde egin zuten asteazkenean. Bozketaren osteko agerraldian horri buruz galdetu zuen kazetaria oihuka isilarazi zuten. AEBko behe-ganberak badauka presidente berria. Hiru aste ditu finantzaketa-akordio bat lortzeko, Gobernua itxi ez dadin. Eta urtebete barru hauteskunde presidentzialak egitean, bere mahai gainean egongo da botoen ziurtapena.