Nerea LAUZIRIKA
BILBO

Herri ekimeneko euskaltegiak, hizkuntza ereduen aurka

Herri ekimeneko helduen euskalduntze eta alfabetatzeko euskaltegiek agerraldia egin zuten atzo, hizkuntza eredurik gabeko Hezkuntza Legea eskatzeko. «Euskararen ezagutza egokia bermatzeko euskarazko ikas eredu orokortua» behar dela defendatzen dute.

Bilbon egin zuten agerraldia.
Bilbon egin zuten agerraldia. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Herri ekimeneko helduen euskalduntze eta alfabetatzeko euskaltegiek agerraldia egin zuten atzo Bilboko Kalderapeko Euskal Gunean, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Legearen adoste-fasean gauden honetan, hizkuntza ereduak araudi berritik kanpo utz ditzatela eskatzeko. «Euskararen ezagutza egokia bermatzeko euskarazko ikas eredu orokortua» eskatzen dute.

Honako euskaltegiek egin dute bat adierazpen horrekin: Elkarlaneko Gabriel Aresti, Bilbo Zaharra eta Joan Mateo Zabala; Batuz-eko Ulibarri, Urrats, Illazki, Hitzez, Legazpi6, Altza-Urumea, Herri Jakintza eta Udaberria; Gasteizko, Nafarroako eta Errioxako IKA; Maizpide; Leizaur, Jose Antonio Agirre eta Bai&By eta AEK. Aize Otañok hartu zuen hitza adierazpena izenpetu duten eragileen izenean.

Agerraldian azpimarratu zuten ordezkatzen duten helduen euskalduntze eta alfabetatze sektorea «estrategikoa» dela «herria euskalduntzeko prozesuan».

Izan ere, ezinbestekoa da euskara normalizatzeko prozesuaren barruan herritar guztiek euskaraz jakitea, baita euskaraz eroso aritzeko espazioak izatea ere, azaldu zutenez.

Halaber, adierazi zuten «tamalez, denborak garbi erakutsi» digula belaunaldi berriak euskaraz eskolaratzeak ez duela berez euskalduntzen herria: «Irakaskuntza arautuaren mugak agerikoak dira».

Ildo beretik, «tresna atzerakoitzat» jo zituzten gaur egun indarrean dauden hizkuntza ereduak, beren iritziz euskararen normalizaziorako muga izan direnak. Ereduen sistemak ez omen du bermatzen ezarritako euskarazko komunikazio-gaitasun mailara heltzea.

Egoera iraultzeko oinarria euskara ikas- eta irakas-hizkuntza izango duen «eredu orokortu inklusiboa» dela uste dute: «Finean, Hezkuntza Legeak euskara gehiago behar du, gutxien duenari gehiago eman ahal izateko».

Ildo horretatik, adierazpenaren sinatzaileen aburuz, legeak ez du zehazten ezarritako jomuga bezala ezarritako hizkuntza mailetara iristeko zein eredu erabiliko duen. «Hizkuntza-ereduari dagokionez, nola interpretatu behar dugu sistema eleaniztuna izatea?», adierazi dute.

Halaber, helduen euskalduntze eta alfabetatze sektoreak desagertzeko bokazioa duela berretsi dute, eta gaineratu dute egungo EAEko Hezkuntza Legearen proposamenak ezinezko egingo lukeela helburu hori.