GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Malda leundu


Orain astebete argitaratu zen Stanfordeko Unibertsitateak egiten duen eta munduko 200.000 ikertzaile inguru batzen dituen zerrenda, argitara eman dituzten artikuluek jasotako aipamenen arabera kokatzen dira aurrerago edo atzerago. Komunikabide batzuetan ere izan du oihartzuna zerrendak eta, lehen 10 postuetan kokatutakoak nabarmendu dituzte. Informazioarekin batera argitara emandako argazkietako bat atentzioa deitzeko modukoa iruditu zait, soilik gizonez osatuta baitago. Zerrendan badaude, eta ondo kokatuta gainera, gure inguruko eta modu esanguratsuan ikertzen ari diren emakumezkoak, proportzioan askoz gutxiago, ordea.

Denboran ia batera Estatu espainoleko unibertsitateetan dagoen genero arrakala aztertu duen ikerketa argitaratu dute. Baieztatu egin duten arrakala, noski; baina, era berean, akademian ari diren emakumeek dituzten zailtasunetan sakondu dute. Ardura postuetara iristeko oztopoak, beirazko sabaia, badela frogatu dute; baina horretaz gain, beirazko labirintoa ere badela nabarmendu dute, ia ikusgarri ez diren trabak, ibilbide profesionala, ezinbestean, geldiarazten dutenak. Arrazoi askotariko analisia eskatzen duten datuak dira, baina genero arrakalaren arrazoietako bat bada amatasuna, adingabeen zaintzak nabarmen eragiten duelako lan horretan ari diren emakumeengan, eta ez hainbeste aitatasunak gizonengan. Zaintza zereginetan ematen den denboran aldeak daude oraindik, eta sozialki batzuk zein besteak jasotzen duten presioa ere desberdina da. Ez da akademia eta zientzia eremura mugatzen, kazetaritzan ari diren emakumeekin hainbat elkarrizketa egin eta testigantzak jasota egindako ikerketa batek ere errealitate bera jarri baitu mahaiaren gainean, zailtasunak eta adierazten zailak diren sentimendu kontrajarriak, mina ematen dutenak batzuk.

Bidea abiatu dezaten hura zabaltzea ezinbestekoa da, noski, eta horretarako heziketan lan egin behar da, baina edozein arlotan dela ere, gelditu gabe ibiltzen jarraitu nahi dutenei malda leuntzea eta oztopoak kentzea ere beharrezkoa da.