GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Peio Etxeberria eta Peña, euren sabai pertsonalari gehiegi erreparatu gabe

Ultzamarrak hirugarren finalerdia du jarraian kaiolan eta tolosarrak Binakako final bat jokatua du, baina Gasteizen nagusitzen denak bere Lau eta Erdiko lehen finala jokatuko du. Biek oso argi dute jokoaren ekimena bereziki garrantzitsua dela Ogetan.

Inolako arazorik ez zen izan atzoko material aukeraketan. (ASPEPELOTA)

Aurtengo Lau eta Erdiko txapelketak finalista berri bat izango du, larunbatean Gasteizko Ogetan jokatuko den Peña II.a/Peio Etxeberria partidako garailearentzat kaiolako lehen finala izango baita azaroaren 19koa. Ultzamarrak hirugarren finalerdia du jarraian, baina aurreko bietan bertan geratu zen. Tolosarrak jokatua du Binakako final bat -Jon Ander Albisurekin batera 2021ean txapeldun irten zen Elezkano eta Zabaletaren aurka-, baina lehendabizikoa luke buruz buru. Biak daude, hortaz, euren sabai pertsonala apurtzeko atarian, baina sabai horri gehiegi erreparatu gabe.

«Hirugarren finalerdia da; bitan kanpoan geratu naiz eta, nahi izan gabe ere, bueltak ematen dizkiozu. Noski nahiko nukeela final hori jokatu, baina uste dut hobeto joan zaizkidala gauzak burua hurrengo partidatik harago izan ez dudanean», esan zuen zuen Zenotzekoak.

Aspekoak ez zuen txapelketako partidarik jokatu asteburuan, baina aurreko astean era berezi batean lortua zuen finalerdietarako txartela, orain arte sekula gainditu ez zuen Joseba Ezkurdia lagun minari irabazita. «Niretzat zerbait oso polita izan zen, seigarren aldia zen bere aurka buruz buru; beti kostatu izan zait 22ra heltzea bere aurka nahiz eta gertu ibili, eta oraingoan lortu nuen».

Oso antzera mintzatu zen oraindik ere igandeko partida gogorraren arrastoak -batez ere tentsioagatik- dituen Jon Ander Peña. «Hasi nintzenetik, Danelen aurka jokatu nuenetik, tentsio puntu bera nabari dut gorputzean; saiatzen gara hori kudeatzen, horretan entrenatzen gara, eta ez diot finalaren aukerari buelta askorik ematen».

ERASOAN HOBE

Lehia irekia espero dute biek, gogorra, Gasteizko Ogeta bezalako pilotaleku exijente batean. «Aurrena, Peio kantxaren erditik kendu beharko dut; bera erdian dagoenean bi aldeetara ikaragarri ondo mugitzen du pilota, abiadura handiarekin; erritmo handia jartzen du eta alde batetik bestera ibilita oso zaila da partida irabaztea bere aurka. Erdigune hori irabazten eta bera mugitzen saiatuko gara», azaldu zuen Baikokoak.

Aspekoak ere Gasteizekoa defentsarako baino erasorako frontoia dela uste du eta, saketik hasita, atzera begiratzeko astirik ez dela egongo.