GARA Euskal Herriko egunkaria

Sexu abusuen fokua Elizaren gain ez jartzeko eskatu dute gotzainek

Espainiako gotzainek eskatu dute adingabeen aurkako abusuen fokua Eliza Katolikoaren gainean ez jartzeko, Ararteko espainiarraren txosten argigarriaren ondoren. Txostenak 487 testigantza jaso ditu, eta azaldu du Eliza Katolikoak abusuak ukatu eta ezkutatu zituela.

García Magan eta Omella. (Fernando SANCHEZ | EUROPA PRESS)

Espainiako Gotzainek astelehenean egindako Konferentziaren ondoren, Cesar Garcia Magan idazkari nagusiak asteartean eskatu zuen adingabeen aurkako sexu abusuen fokua Eliza Katolikoaren gainean ez jartzeko.

Espainiako Arartekoak txostena argitaratu du Eliza Katolikoan gertatutako haurrenganako sexu abusuei buruz. Haren arabera, Estatu espainoleko 18 urtetik gorako biztanleen %0,6k, 236.000 pertsona inguruk, apaizen edo erlijiosoren baten abusuak jasan ditu. 777 orrialdeko dokumentua da argitaratu dutena, ‘Beharrezko erantzuna’ izenekoa.

Asteleheneko Konferentziaren ondoren, gotzainak prest agertu ziren Arartekoak proposatutako funtsean parte hartzeko, hots, abusuen biktimei ordaina eta kalte-ordainak emateko, baina «soilik biktima guztientzat egiten bada», eta ez bakarrik abusuak Elizaren barruan jasan dituztenentzat.

Astearte honetan egindako prentsaurrekoan Garcia Magan idazkari nagusiak sexu abusuen biktima guztiek laguntza eta erreparazioa merezi dutela adierazi zuen: «Elizaren biktimak bakarrik kontuan hartuz gero, %90 baztertuta geratuko lirateke eta ez lukete ordainik izango».

Gotzainen arabera, adingabeei egindako sexu abusu gehienak Elizaz bestelako eremuetan gertatzen dira, hala nola familian, eskolan edo kirol zentroan. Hori dela eta, adingabeek konpentsazio funtsean parte hartzea eskatzen dute. «Hala ez bada, Elizak badu biktimentzat bere erreparazio integral propioa», zehaztu zuen.

Gotzainek prentsaurrekoa eman zuten Arartekoaren txostena aztertzeko ezohiko Osoko Batzarraren ostean, historian egin duten laugarrena. Txostenak inkesta baten emaitzak jasotzen ditu, eta honek azaltzen du Estatu espainoleko adin nagusiko biztanleen %1,13k erlijio tokietan abusuak jasan dituela, % 0,6k apaiz edo erlijioso baten aldetik.

Juan Jose Omella kardinalak, Espainiako Gotzainen Batzarreko presidenteak, zifretan arreta ez jartzea galdegin zuen, «pertsonak baitira garrantzia dutenak». Biktimei barkamena eskatu zien berriro, eta gotzain guztiek «Elizako kide batzuek» eragindako mina sentitzen dutela adierazi zuen.