02 NOV. 2023 HIL BAINO LEHEN ZERA NAHI DUT... Heriotzaz mintzatzean biziago sentitzen gara Duela 20 minutu ez genuen elkar ezagutzen, eta gauza hagitz intimo eta garrantzitsuak partekatu ditu jendeak, partaide batek erran duen bezala, halako bilkurek arima ukitzen baitute. Norbere biziaren amaieran zer den garrantzitsua gogoetatu dugu, taldean eztabaidatuz, argudiatuz, adostuz. Lehen aldia genuenez, bi hitz baino ez ditugu egin; entzun egin dugu, eta ikasteko bide bat ireki. Hogei bat lagun elkartu ziren atzo Hendaiako Borderline Fabrikako tailerrean, norbere bizitzaren amaieran garrantzitsuak diren gauzez taldean gogoetatzeko. (Beatriz SANZ) Maider IANTZI GOIENETXE Heriotza tabua da oraindik. «Hilezkorrak garela uste dugu», adierazi du lagun batek. «Gerran hildako pila bat ikusten ditugu, haiekin bazkaltzen dugu, eta azkenerako immunizatu egiten gara», azaldu du bertze batek. Itsusia, zikina, mingarria baztertzen saiatzen gara jendarte bezala, existituko ez balitz bezala. Biziari heldu nahi diogu, eta horregatik arraro begiratu diete ingurukoek, Hendaiako Borderline Fabrikara biziaren amaierari buruz hausnartzera joan direla kontatu dietenean. Bueltan argituko diete bizitzaz aritu direla eta inoiz baino biziago sentitu direla. Horixe azpimarratu dugu guk ere koadernoan, hainbat partaidek errepikatu duten ideia: «Heriotzaz zenbat eta gehiago hitz egin, orduan eta gehiago heltzen diot bizitzari, bukaera bat duela jabetzen naizelako». Beatriz Sanz dinamizatzaileak harrera egin digu. Yoga irakaslea da eta heriotzan laguntzeko prestatu da. Hilabetean behin Borderline Fabrikan antolatzen diren Death Cafe-ak akonpainatzen ditu. Hurrengoa azaroaren 18an da eta parte hartzera gonbidatu nahi du jende guztia. «Irekia da eta entzutera etor zaitezke. Egia da azkenean denek hitz egiten dutela», erran digu. Animatzen denak Borderlinera jo dezake, edo Sanzi deitu lasai ederrean (652 77 64 72 telefono zenbakira). Fabrikaren sarrera postitez beteta dago. “Hil baino lehen zera nahi dut...” esaldiari segida ematen diote. Denetarik dago: «Nahi bertze bidaiatu, ahal nuen guztia egin dudala jakin, biziak ematen dituen une zoragarriak aprobetxatu, arreta osoarekin bizi eta horrela hil, egunero bizirik sentitu, bakean egon...». Elkartu garen hogei bat pertsonak ere askotarikoak gara, hori bai, gehienak emakumeak eta helduak. Hiru hizkuntza aditu ditugu hasieratik, euskara, gaztelania eta frantsesa, eta tailerra ere hizkuntzak uztartuz egin dugu. Goiko gela batera joan gara, batzuek ostatutik tragoxka bat hartuta. Bukaeran, heriotzari umorez begiratzen dion “Finisterre” antzerkiaz gozatzen ahalko da, Imanol Espinazo eta Des tems et des marees konpainiarekin. HITZ EGIN ETA ULERTUA IZATEKO AUKERA Bi taldetan banatu gara eta karta joko bana eman digu Sanzek. Norbere bizitzaren edo oro har bizitzaren amaieran garrantzitsua zer den gogoetatzeko bide emateko da. Batzuek ez zuten sekula pentsatuko horren gainean, bertzeek gehiago, hurbilekoren bat hil zaielako. Azaroaren lehena egun aproposa da hausnarketa hauetarako. Lehenbizi hiru multzotan sailkatuko ditugu kartak. Aurrenekoan, lekuarekin lotutako eskaerak paratuko ditugu; bigarrenean, osasun arretari buruzkoak; eta azkenik, espiritualak eta emozionalak. Kategoria bakoitzean guretzat inportanteenak diren hiru kartak aukeratu behar ditugu, denon artean eztabaidatuz, argudiatuz eta adostuz. «Lekuarekin hasiko gara?», proposatu du batek karta guztiak mahai gainean zabalduz. Azkar batean denak irakurri ditu bertze batek, ahots goran. «Nire familia prest egon dadila» dioen karta seinalatu du berehala lagun batek. Hori da gehien iritsi zaiona. «Nire familiak ez dezala sufritu», hori heldu zaio bertze bati. «Nire familiak nire lehentasunak ezagutu ditzala, ezadostasunak eta gatazkak ekiditeko» karta hautatu du hainbatek. «Nire familiak sufrituko du, ziur. Ez da prestatuta egongo, ziur. Baina, familia baino, protagonista ni neu naiz», adierazi du bertze partaide batek. Berehala hasi dira kontu intimoenak partekatzen, lasai eta konfiantzaz, entzuleek errespetatuko dituzten segurtasunarekin. Eta hala izan da. Heriotzarekin baino, arazoa zaintzarekin duela aitortu du batek, gurasoak hagitz helduak dituela, heriotzatik hurbil daudela eta senideen artean istiluak dituztela. «Hitz egitea eta ulertua izatea» karta aukeratu dugu. Halere, batek kontatu duen bezala, ez da beti mintzatu nahi izaten. Aitarekin pasatu zitzaion. Anitz solastatzen ziren beti, baina, heriotzaren unea iritsi zenean, aitak ez zuen txintik ere erran, eta alabak entzun egin nahi zuen. «Isiltasun batzuk oso mingarriak dira», bat etorri da lagun bat. «Agian, eri bezala ez duzu mintzatzeko beharrik, baina senideek bai». Lagunduta edo bakarrik hil nahi dugun ere eztabaidatu dugu. Batek erran du, behin familia prest badago, ez zaiola inporta bakarrik hiltzea. Bertze batek ohartarazi du batzuetan ezin dugula prestatu, norbait istripuz hiltzen denean adibidez. Kartetatik anitzez harago joan da solasaldia, eta kontu benetan gogorrak kontatu dituzte batzuek: depresioak, suizidio saiakerak. «Zeinen garrantzitsua eta zaila den akonpainatzen jakitea. Sarri, hurbilekoek ez dute zure sufrimendua jasaten». Bigarren kategorian sartu gara, osasun arretan. Hemen, aho batez hautatu dugu «lasai egotea» dioen karta, dena barnebiltzen duelakoan. «Bukaerara arte kontziente izatea» eta «minik ez izatea» kartekin ez gara ados jarri. Batzuek nahiago dute beti kontziente izan, bertzeek minik ez sentitzea dute lehentasun. Halere, Sanzek erran duen bezala, gaur gauza bat nahiago izan dezakegu eta bihar bertze bat, eta unea iristen denean ez dakigu nola sentituko garen. Hirugarren multzoan ere adostasun zabala egon da: «Nire bizia osoa izan dela sentitzea», «niretzat inportanteak diren pertsonei agur esatea» eta «arreta erlijiosoa edo espirituala izatea» izan dira aukeratutako hiru kartak. Irriz eta malkoz betetako topaketa amaitzeko, eskela bat irakurri du batek, umoretsua eta hunkigarria. «Aita, ez iezaguzu jaikita itxaron», dio familiak. Eta hildako aitak trago batera gonbidatzen ditu denak. Norbait hiltzen denean, zerbait hartzen berari buruz hitz egitea ederra dela aipatu dute. Partaide batek bilobei errana die joaten denean festa bat egiteko. Pelikula bat ere gomendatu dute: “Coco”. Aho batez hautatu dugu «lasai egotea» dioen karta, dena barnebiltzen duelakoan. «Bukaerara arte kontziente izatea» eta «minik ez izatea» kartekin ez gara ados jarri «Nire bizia osoa izan dela sentitzea», «niretzat inportanteak diren pertsonei agur esatea» eta «arreta erlijiosoa edo espirituala izatea» izan dira aukeratutako hiru kartak